Gizartea -
Gasteizko jaiak
Sexu-erasorik gabeko jaien aldarria egin dute Gasteizko feministek
Zentzu horretan, ekintza sexistak eta emakumeei egindako mespretxuak errefusatu ditu Gasteizko Blusen eta Nesken Batzordeak.
Erredakzioa
Gasteizko Mugimendu Feministak sexu erasorik gabeko jaien aldarria egin du ostiral honetan. Datorren astelehenean hasiko dira 2014ko Andre Maria Zuriaren jaiak Gasteizen eta 200 udaltzain ibiliko dira hirian zehar segurtasuna bermatzeko.
Mugimendu Feministak protokolo bat osatu du Gasteiz "jokabide matxistarik, behartzerik eta indarkeriarik gabeko" hiri bihurtzeko, bai jaietan eta baita urte guztian zehar ere.
Bestalde, emakumeenganako jarrera iraingarriak salatzeko deia egin dute eta telefono zenbaki (688 697688) bat eskuragarri jarri dute eraso matxistaren bat jasan dutenak artatzeko.
Gizonek emakumeen arropetan, bularretan, pegatinak jartzeko duten ohitura kritikatu dute feministek. Blusen koadrilek sare sozialetan pegatinen kartel bat argitaratu dutela salatu dute: 'tetatinak'.
"Pegatinak bere bizitza guztian jarri" eta "titiak ukitu" dituela aitortu zuen Luis Izaga Blusen eta Nesken Batzordeko presidenteak. Feministek zuzenketa bat eskatu dute, nahiz eta Izagak dagoeneko adierazpenengatik barkamena eskatu. "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko" konpromisoa hartu du Izagak, baina Batzordearen zuzenketa bat nahi dute feministek.
Blusak eta neskak
Ekintza sexistak eta emakumeei egindako mespretxuak errefusatu ditu gaur Gasteizko Blusen eta Nesken Batzordeak.
Sare sozialetan agertutako pegatinen kartelarekin zerikusirik ez dutela azaldu du Blusen Batzordeak. "Sexu-erasoak saihesteko" koadrilen ordezkariekin lan pedagogikoa beti egin dutela goraipatu du Batzordeak, eta baita jarrera arrazistak edo homofoboak eragozteko ere.
Arazoa "puztu" dutela uste dute blusek eta neskek. Hala ere, gizartean eta jaietan "jarrera matxistekin edo indarkeriarekin bukatzeko" lan egingo dutela azpimarratu du Batzordeak.