Gizartea -
NBE
Espainia zigortuta, indarkeria matxistako bi biktima ez babesteagatik
Angela Gonzalezek 30 aldi baino gehiagotan salatu zuen berak eta bere alabak pairatzen zuten indarkeria, eta babesa eskatu zuen; azkenean gizonak alaba hil zuen.
Erredakzioa
Emakumearen kontrako Diskriminazioa Ezabatzeko Nazio Batuen Erakundeko Batzordeak Estatu espainiarraren kontra egin du Angela Gonzalez indarkeria matxistaren biktima eta Andrea horren alaba babestean arduraz ez jokatzeagatik. Salatutako gizonak alaba hil zuen, bisita batean.
Women's Link Worldwide 2012ko irailean jarritako salaketa baten ondorioz etorri da ebazpena. Erakundeak Gonzalezen izenean jarri zuen salaketan, biktimak 30 aldi baino gehiagotan salatu zuen berak eta bere alabak pairatzen zuten indarkeria, eta babesa eskatu zuen.
Babes sistemaren eraginkortasun eta ardura faltagatik neskatoa, zazpi urte zituela, aitak hil zuen, erasotzaileari baimendutako zaindaririk gabeko bisita batean.
Batzordearen arabera, Estatuak behartuta daude "erakunde publikoen akatsak, arduragabekeriak eta hutsegiteak" ikertzera, emakumeenganako indarkeriako biktimak babesik gabe geratzen direnean. Era berean, gogorarazi duenez, horretarako "borondate politikoa eta Estatuko eragileen babesa" behar da.
Espainiak genero indarkeriari legeen, kontzientziazioaren eta hezkuntzaren bidez aurre egin diola onartu arren, NBEaren erakundeak epaileek, fiskalek eta langile sozialek biktimak eta haien seme-alabak babesteko orduan "egin ohi dituzten" hutsegiteak antzeman ditu.
Batzordearen ebazpenaren ostean, Estatu espainiarrak Angela Gonzalezi kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio, eta kasu horretan izandako akatsak argituko dituen ikerketa bat abiarazi beharko du.