Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Iragan igandeko sexu-erasoa gaitzetsi dute ehunka bizilagunek Getxon
"Jaietan edo festetatik at" egindako edozein sexu-eraso gaitzetsi du Imanol Landa Getxoko alkateak elkarretaratzean. Era berean, "emakumeen askatasuna" aldarrikatu du Landak.
Erredakzioa
Iragan igandean, goizaldean, 50 urteko emakume batek jasandako sexu-erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute ehunka lagunek arratsaldean, Getxon (Bizkaia). Algortako jaietan gertatutako erasoa da.
"Jaietan edo festetatik at" egindako edozein sexu-eraso gaitzetsi du Imanol Landa Getxoko alkateak elkarretaratzean. Era berean, "emakumeen askatasuna eta edozein pertsonak gure kaleetatik lasaitasunez ibiltzeko duen eskubidea" aldarrikatu du Landak, "festetan zein jaietatik kanpo".
Bestalde, emakumeek eta pertsona guztiek "sexu-harremanak noiz, nola eta norekin izango" dituzten erabakitzeko eskubidea defendatu du Getxoko alkateak.
Getxoko Udalak, Berdintasun Kontseiluak eta jaietako batzordeak elkarretaratzea deitu zuten. Protesta 19:30ean hasi da Algortako 'lila puntuan', Torrene eta Telletxe kaleen artean.