Gizartea -
Tabako dendetan
Bost kide atxilotu dituzte Bizkaian hogei lapurreta egitea egotzita
Maiatzean ekin zioten ikerketari, Gallarta herriko tabako-denda batean izandako indarrezko lapurreta baten ondorioz. Atxilotuetako batek atxilotze eskaera bat zeukan aldez aurretik.
Erredakzioa
Ertzaintzak lapur talde bat desegin du asteon Bilbon eta Zornotzan, tabako-denda, kutxazain, jolas-leku eta beste hainbat saltokitan indar bidezko lapurretak egitea egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, atxilotuei Bizkaian eginiko hogei eraso egotzi zaizkie. Maiatzean ekin zioten ikerketari, Gallarta herriko tabako-denda batean izandako indarrezko lapurreta baten ondorioz. Jarduteko moduak eta zenbait xehetasunek Bizkaian aritzen zen antolatutako talde bat izan zitekeen susmoa hedatu zuten agenteen artean.
Bizkaiko Ekintza Kriminalen Ikerketa Zerbitzuko talde batek haretu zuen kasua ikertzeko ardura, talde horren baitan zeuden kideak identifikatu eta horien kokalekua ezagutu asmoz. Bi hilabete baino gehiagoko ikerketaren ostean, agenteek taldearen enborra ezagutzea lortu zuten, eta bost kide aktiboenak identifikatu zituzten, buruzagia barne. Gaizkileek aurpegiak estalirik aritzen ziren.
Operazioa joan den asteartean bukatu zen, Zornotzan eta Bilbon eginiko atxiloketekin batera. Horrez gain, agenteek hainbat miaketa egin dituzte lokal eta etxebizitza ezberdinetan, eta horietan lapurtutako zenbait auto eta lapurretekin zerikusia zuten aztarnak identifikatu dituzte.
Aske, baina kargupean
Atxilotuetako batek Audientzi Nazionalaren atxilotze agindu bat zeukan bere gain droga trafikoagatik. Hori dela eta, Ertzaintzak Madrilera bidali du, epailearen aurrean jarri asmoz. Epaitegietara eraman ostean, aske baina karguekin utzi dituzte denak.