Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek ustez bikotekidea hil du Torroxen (Malaga)
37 urteko Ana Maria Marquez arkeologoa, Nerjako Historia Museoaren zuzendaria, hilda aurkitu dute. Poliziak emakumearen bikotekidea atxilotu du.
Erredakzioa
37 urteko Ana Maria Marquez arkeologoa, Nerjako (Malaga) Historia Museoaren zuzendaria, hilik topatu dute gaur Torroxen. Guardia Zibilak emakumearen bikotekidea atxilotu du krimenaren egilea delakoan, ikerketako iturriek baieztatu dutenez.
Dagoeneko emakumeen aurkako indarkeriak 35 hildako utzi ditu Espainian aurten, horietako bederatzi Andaluzian.
Ana Maria Marquez biktima Kordobakoa zen. Emakumea arkeologoa eta azarotik Nerjako Historia Museoaren zuzendaria zen, ikerketako iturriek azaldu dutenez. Biktimari lepoa moztu diote.
Kolpeak eta garrasiak
Krimena 10:50ean gertatu da Torroxeko Conejito auzoan. Bizilagunek abisua eman dute, kolpeak eta oihuak entzun eta gero. Antza denez, emakumeak eta gizonezkoak eztabaida beroa izan dute.
Guardia Zibila eta osasun zerbitzuak bertaratu dira. Emakumea hilda aurkitu eta ustezko egilea atxilotu dute, iturriek erantsi dutenez. Andaluziako Gobernuak krimena gaitzetsi du.