Gizartea -

Portugalete

Bi gizon atxilotu dituzte, neska bat bahitzen saiatzeagatik

Gainera, biktimaren lagun bat jo zuten eta agenteei erasotzen ere saiatu ziren. Polizia-etxera zihoazela, polizia-autoetako bi leiho burukadaz apurtu zituzten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen Portugaleten atzo, larunbata, haietako baten bikotekide ohia bahitzen saiatzeagatik.

Gertaera 20:30ean izan zen; Ertzaintzak abisu bat jaso zuen, Portugaleteko Buena Vista auzoko etxebizitza betean zarata handiak eta oihuak entzuten zirela eta.

Polizia-auto bat bertaratu zen, eta atarian gizon bat ikusi zuten, emakume bat hormaren kontra lepotik helduta zuela. Biktimari lagundu ostean, erasotzailea lotu zuten, oso erasokor baitzegoen. Agenteek laguntza eskatu zuten egoera kontrolatu ahal izateko.

Gainera, beste emakume bati jazartzen ari zitzaion beste gizon bat ere agenteei erasotzen saiatu zen, lagunaren atxiloketa saihestu nahian. Ondorioz, bigarren hori ere lotu eta atxilotu behar izan zuten. Ertzaintzaren zenbait taldek eta Udaltzaingoko hainbat kidek ere parte hartu zuten erasotzaileak Polizia-etxera eramateko.

Biktimen esanetan, gizonezkoak etxebizitzan agertu ziren, emakumeetako bat -erasotzaileetako baten bikotekide ohia- indarrez eramateko asmoarekin. Neskak ezetz esan zuenez, eraso egin zioten, kolpatuz eta ileari helduta arrastaka eramanez. Biktimaren lagun bat, bitartean, bahiketa ekiditen saiatu zen, eta orduan hari ere eraso zioten. Behin atarira heldu zirenean, Ertzaintza agertu zen eta erasotzaileak atxilotu zituzten, aurretik aipatu bezala.

Bi atxilotuei -32 urte- genero indarkeria delitua, bahiketa saiakera delitua, eraso egitea, agenteen kontrako atentatua egitea eta polizia-autoetan kalteak eragitea leporatu diete, polizia-etxera zihoazela autoetako bi leiho burukadaz apurtu zituztelako. Atxilotuak Poliziaren esku daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Portugalete berriak