Gizartea -
Spanair hegazkinaren istripua
'Hegazkin batean hiltzea zein merkea den sentitu dugu'
Istripuan 154 pertsona hil ziren, eta, zigor-arloko auzia artxibatu ostean, Mapfre etxeak biktimen % 46ri bakarrik eman die kalte-ordaina. Espainian inoiz izandako aireko tragedia handiena izan zen.
Erredakzioa
Spanairreko JK5022 Hegaldiaren Biktimak elkarteko presidenteak adierazi du Mapfre aseguru-etxearentzat onuragarria dela istripuaren auzian izan den "kaos judiziala". "Onuragarria da bere emaitzen zerrenda loditzen jarraitzeko, eta erakusten du zein merkea den hegazkin batean hil edo zauritzea", salatu du.
Asteazken honetan sei urte bete dira Spanair konpainia zenaren JK5022 hegaldiak istripua izan zuela Barajasko (Madril) aireportuan. Istripuan 154 pertsona hil eta 18 zauritu ziren, Espainian inoiz izandako aireko tragediarik handienean.
Istripuaren seigarren urteurrena oroituz, lore eskaintza egin dute Madrilgo Juan Carlos I.a parkean JK5022 hegaldiko biktimen omenez jarritako oroitarrian.
JK5022 Hegaldiaren Biktimak elkartea borrokan ari da istripu horren kaltedun guztien eskubideak onar ditzaten eta aireko istripuen biktimentzat "erreferente" izan dadin.
Prozesu penal konplexua
Sei urteren ostean, eta zigor-arloko auzia artxibatu ondoren, Mapfre aseguru-etxeak biktimen % 46ri eman die kalte-ordaina, 20,5 milioi euro emanda, eta gaur egun aseguru-etxeak oraindik zabalik dituen 42 negoziazioetan nahasitako gainerako 130 kaltetuei 12,8 milioi eskaini dizkie.
"Sei urte igaro dira istripua gertatu zenetik, baina istripua izan ostean lehen lau urteetan zigor-arloko prozesu oso konplexua izan genuen. 2013an jaso genuen lehen auzi eskea istripuaren ondorioz, kalte-ordainak eskatzeko, eta ordurako Mapfrek kalte-ordainak biktima guztien esku utzita zituen gordailuan epaitegi batean", Paulino Fajardok (Mapfre aseguru-etxearen abokatua auzi honetan) azaldu duenez.
Pilotuen jarduera desegokia
Spanair konpainiako hegazkin horren istripuak mugarria ezarri zuen Espainian aireko segurtasunaren alorrean. Istripua pilotuen jarduera desegoki baten ondorioz izan zela ondorioztatu zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiak, eta horretaz baliatu zen zigor-arloko auzia artxibatzeko.
Epaileak, beraz, prozesutik kanpo utzi zituen hegazkinarekin lanean ibilitako teknikariak. Hondamendiaren ondorioz, Europako Parlamentuak mozio bat onartu zuen. Bertan jasotakoaren arabera, aurrerantzean, istripuren bat baldin badago, aire-konpainiak behartuta daude, bi orduren buruan, bidaiarien zerrenda helaraztera.