Gizartea -
Osasuna
MOEk zigarro elektronikoa arautzeko neurri zorrotzagoak eskatu ditu
Munduko Osasun Erakundeak leku itxietan erabilera debekatzea ikertuko du, eta publizitatea eta adingabeei saltzea gehiago kontrolatu nahi ditu.
Erredakzioa
Munduko Osasun Erakundeak gaur, asteartea, txosten bat argitaratu du zigarro elektronikoen erabileraren eta erregulazioaren inguruan. Herrialde kideei gailu horiek eta betetzeko erabiltzen diren likidoak arautzeko neurri zorrotzagoak hartzeko eskatu die MOEk, baita leku itxietan erabilera debekatzea eta publizitatea eta adingabeei saltzea kontrolatzea ere.
Estatu kideek urrian eztabaidatuko dute txostena. Nazioarteko tabako enpresek merkatuko milaka milioi dolar eskuratzen dituztela eta, ardura erakusten du txostenak.
Hori dela eta, MOEk "aukera erregulatzaileak" eskaini ditu. Esaterako, zigarro elektronikoaren sortzaileek ezingo dituzte euren produktuak erretzeari uzteko formula gisa iragarri, horretarako oinarri zientifiko sinesgarri bat eta beharrezko araudia izan arte.
Gainera, leku publiko itxietan erabiltzea debekatzea aholkatu du, 'bigarren eskuko baporeak' izan lezakeen arriskuagatik, eta NBEk egindako Tabakoaren Aurkako Ituna sinatu duten herrialdeei zigarroen publizitatean eta promozioan mugak jartzeko eskatu die.
Bestalde, dendariei esan die gailu horiek ez saltzeko adingabeei, eta zaporeetako zigarroak debekatzeko eskatu du.
Duela urtebete MOEk zigarro elektronikoen erabilera ez zuela gomendatzen esan zuen; ez, behintzat, erakunde erregulatzaileren batek haien eraginkortasuna, segurtasuna eta kalitatea bermatu arte. Halaxe adierazi zuen Estatu kideei zuzenduta argitaratu zuen txostenean. Bertan, erosleak "behar bezala" informatzeko eskatzen zitzaien kideei; hau da, zientifikoki ez dagoela bermatuta haien eraginkortasuna eta, ahal izanez gero, ez erabiltzeko.