Gizartea -

Trafikoa

Atxilotu bat Zarautzen, ausarkeriaz gidatzeagatik eta mehatxuengatik

Ertzainek abiadura handian zihoan eta aurreratze arriskutsuak egiten ari zen auto gidari bat atzeman zuten. Jazarpena hasitakoan, gidariak suzko arma batekin mehatxatu zien.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24 urteko gizonezko bat atxilotu dute AP-8 autobideko Zarauzko ordainlekuan, bide segurtasunaren kontrako delitua eta suzko arma batekin mehatxatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Atxilotuak aurreratze arriskutsuak egin zituen eta suzko arma batekin mehatxu egin zien beste auto bateko kide batzuei, hain zuzen ere, zerbitzuz kanpo zeuden ertzain batzuei.

Atzo, 13:20ak aldera, lanera zihoazen ertzain bikote batek AP-8 autobidean abiadura handian zihoan matrikula frantziarreko auto bat behatu zuten. Gidariak aurrerapen arriskutsuak egin zituen, zenbaitetan baita bazterbidetik barrena ere, eta zenbait kasutan gainerako gidariek paretik kendu behar izan zuten istripuak saihesteko. Ertzaintzari abisua eman eta hura harrapatzeko jazarpena hasi zuten zerbitzuz kanpoko bi agenteek. Atzetik segika zutela ikusitakoan, abiadura moteldu, ertzainen autoaren parean jarri eta suzko arma batekin mehatxu egin zieten. Badaezpadako neurri gisa, ertzainek ere abiadura moteldu eta atzetik jarraika segitu zuten.

Azkenean, auto gidaria Zarauzko ordainlekura iritsi zen. Ertzainek ordainlekuko ilara baliatu zuten auto gidaria geldiarazi eta autotik aterarazteko. Ertzaintzak auto gidaria atxilotu zuen, ausarkeriaz gidatzea eta suzko arma batekin mehatxuak egitea egotzita.

Gidariak aurrekariak ditu eta Azpeitiko epaitegiaren esku utzi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Zarautz bideoak Trafikoko telefonoak