Gizartea -
Eragin handia Bizkaian
Bilbo, Munduko Saskibaloi Txapelketan buru eta belarri
14.000 bisitarik baino gehiagok hartu dute gela Bilboaldeko hoteletan. Zerbitzu bereziak, gidak, kontzertuak eta prestatu dira, halako neurriko ikuskizuna hartzeko.
Erredakzioa
Bilboaldea prest dago jada Barakaldoko BECen hastekoa den Munduko Saskibaloi Txapelketa hartzeko. Txapeketa honek 30 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du Bizkaiko BPGean; horietatik 20 modu zuzenean jasoko dira. Gainera, 14.000 atzerritarrek baino gehiagok baieztatu egin dute dagoeneko Bizkaian lo egingo dutela.
Halaber, hotelen logelen % 90 baino gehiago beteko dituzte, Bilbao Helburu Elkarteak zabaldutako datuen arabera.
Aurreko asteazkenean Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko alkatearen Kabineteko ordezkariak; Imanol Pradales Bizkaiko Diputazioko Ekonomia Promozioko diputatuak eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuak egindako prentsaurrekoan, Bilbon egingo diren C taldeko lehenengo partiden eragin ekonomikoa zehaztu zuten.
30 milioi euro inguruko eragin ekonomikoaz gain, "nazioartean ospe handia duen aholkularitza enpresa batek" egindako aurreikuspenen arabera, Imanol Pradalesek esan du BECen jokatuko diren 15 partiduak 160 herrialdetan emitituko direla, eta 400 milioi ikusle inguru izango dutela.
Atzerriko bisitariei dagokienez, aurreko asteko datuen arabera, 6.750 Finlandiatik etorritakoak izango dira, AEBetik 2.600, Turkiatik 2.250, Zelanda Berritik 520, Ukrainatik 261 eta 232 Errepublika Dominikarretik. Alabaina, ez daude zebatuta etorriko diren kazetariak ez ordezkaritza bakoitzeko kideak. Halaber, 120.000 sarreretatik 108.000 saldu dira (% 69) dagoeneko, atzerrian.
'Fan zone' ofiziala, Areatzan
Txapelketak sorrarazitako ekimenen artean, FIBA 'Fan zone' ofiziala nabarmendu dute. Gune berezia (8.700 metro koadro) Areatzako eta Udaletxeko zubien artean jarri da, abuztuaren 30etaik irailaren 4era, eta 11:00etatik 23:30era zabalduko dute.
Gune berezia taldeen zaleei eta, orokorrean, hiritarrei eskainia dago. Jokaleku bat prestatu dute, 250 pertsona esertzeko harmailekin, eta 'minibasket'erako beste kantxa txiki bat; azken horretan, lehiaketak, 'clinics'ak eta erakusketak egingo dira.
Horrez gain, kontzertuak eta ikuskizunak egiteko eszenatokia ipini dute, eta pantaila erraldoia ere bai, non partidu guztiak emango dituzten.
Gidaliburuak eta garraioak
Bilboko Udalak, Bizkaiko Diputazioak eta Jaurlaritzak, halaber, 23.000 Munduko Saskibaloi Txapelketako gidaliburu inprimatu dituzte, Txapelketako sei hikuntzetan (gaztelania, euskara, ingelesa, finlandiera, turkiera eta ukrainera).
Garraio publikoari dagokionez, BECera hurbiltzea errazteko, Metro Bilbaok ordutegi bereziak prestatu ditu, egunez, 6:00etatik 23:00etara, eta gauez 2:30era, asteburuetan izan ezik, gau osoan ibiliko baitira.
Dendek ez dute igandean zabalduko
Jorge Aio BilbaoCentro dendarien elkarteko buruak dendak igandean ixtea defendatu du, bere ustean, zaleak Saskibaloi partiduak ikustera etortzen direlako eta ez erosketak egitera, horretarako ez baitute "denborarik" izango.
Radio Euskadin esan bezala, "komertzioaren ikuspuntutik interesgarriak izango diren datez hitz egin dezakegu, eta baliteke debateak oinarri sendoa izan, baina ez Munduko Saskibaloi Txapelketan, milaka bisitari etorriko dira bai, baina saskibaloia ikustera".