Gizartea -

Erasoa Barakaldon

Margo urdina bota dute Barakaldoko PSE-EEren egoitzaren kontra

Erasoak ez du loturarik kale borrokarekin, duela gutxi gaztetxea hustu izanarekin baizik, Jose Antonio Pastorrek baieztatu duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezezagun batzuek margo urdina bota dute Barakaldoko PSE-EEren egoitzaren kontra, eta sarrera silikonarekin zigilatzen saiatu dira.

Egoitzako taberna barruan zeuden langileek erasotzaileak ikusi dituzte, baina ihes egitea lortu dute, PSE-EEko iturriek jakitera eman dutenez.

Erasoa bart gertatu da, 00:00ak aldera, Barakaldoko sozialisten egoitzan, Arrandi kalean. Tabernako langileak barruan zeudela egin dute erasoa. Antza, lau edo bost pertsonak margo urdina bota dute eraikinaren kontra, eta, ondoren, sarrera silikonarekin zigilatzen saiatu dira (batek lortu egin du).

Taberna barrutik zarata entzun dute eta erasotzaileak ustekabean harrapatu dituzte, baina ihes egitea lortu dute. Barakaldoko Udaltzaingoak ezin izan ditu aurkitu.

Barakaldoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeko talde guztiek, Bildu izan ezik, gaitzetsi egin dute erasoa, Udaletik azaldu dutenez.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko idazkari nagusiak azaldu duenez, erasoak ez du loturarik kale borrokarekin, duela gutxi gaztetxea hustu izanarekin baizik. Hala ere, Barakaldoko Bilduk gaitzespena babestu ez izana kritikatu du Pastorrek. Testuan kale borroka ez dutela aipatu azpimarratu du sozialistak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo