Gizartea -
Malaga
Haur britainiarrak Pragan jasoko du tumorearen kontrako tratamendua
Horren aurretik, ordea, kimioterapia egingo diote Ingalaterrako ospitalean.
Erredakzioa
Ashya Kingek, Malagako ospitalean dagoen eta burmuinean tumorea duen haur britainiarrak, Pragan (Txekiar Errepublika) jasoko du minbiziaren kontrako erradioterapia tratamendua, Proton Therapy Center Czech-ek jakitera eman duenez.
Txekiar Errepublikako ospitaleak Ashyaren osasun egoeraren inguruko informazio guztia aztertu du, Southamptoneko ospitaletik bidali diotena, eta protoi bitartez egiten den erradioterapiarekin sendatuko dela espero dute.
Dena dela, horren aurretik haurrak "bi kimioterapia ziklo" jaso beharko ditu Ingalaterran, eta horrek "zenbait astez" atzeratuko du Pragarako bidaia.
Southmptonen egin zioten haurrari lehenengo ebakuntza, baina ez zuten emaitza onik lortu, eta ondorioz, gurasoek haurra ospitaletik atera zuten medikuaren baimenik gabe, eta Malagara joan ziren, tratamendu berria ordaindu ahal izateko etxebizitza bat saltzera.
Britainia Handiak gurasoak atxilotzeko euroagindua eman zuen, bahiketa eta tratu txarrak leporatuta. Hala, atxilotu egin zituzten Andaluzian, baina gero libre geratu ziren, euroagindua bertan behera uztea erabaki zutelako agintariek.