Gizartea -
Donostia
Udalak Donostiako 295 kaleren euskarazko izenak onartuko ditu
Saltokien ordutegi askatasunaz galdetuta, gaiari "kaltedunekin" adostutako konponbidea lortzearen alde agertu da Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea.
Erredakzioa
Donostiako Udalak hiriko 295 kaleren eta plazaren euskarazko izenak onartuko ditu ostiral honetan egingo den Gobernu-batzordean, eta erabakiak udal ordezkari guztien babesa izatea espero du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.
Donostiako kaleen eta plazen euskal ordaina proposatzerakoan Euskaltzaindiaren arauetan eta euskararen erabileraren normalizazioari buruz indarrean dagoen araudian oinarritu direla adierazi dute Juan Karlos Izagirrek eta Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara arduradunak.
Akordio horrekin euskararen normalizazioan pauso "garrantzisua" emango dela adierazteaz gain, Udalak Donostia "euskararen hiri bihurtzeko bidean aurrerapausoak emateko betebeharra" duela nabarmendu du Donostiako alkateak. Halaber, harrituta agertu da orain arte Donostiako hainbat kalek eta plazek euskarazko ordainik ez zutelako.
Orotara, Donostiako 295 kaleren eta plazaren euskarazko ordaina onartuko dute, hiru multzotan banatuta: batetik, izena bi hizkuntzatan berdina den horiena, euskaraz eta gazteleraz izen ezberdinak dituztenena eta euskarazko izena normalizatzean gaztelerazko izena ere moldatuko den horiena. Adibidez, "Paseo de Ayete" zena (Aiete pasealekua) "paseo de Aiete" bihurtuko da.
Izagirrek kale izendegian aldaketa horiek askoz ere lehenago egin behar zirela babestu du eta haren Gobernuaren asmoa euskara lanerako, eta herritarren eta Udalaren arteko komunikaziorako hizkuntza izatea dela nabarmendu du.
Donostiako alkateak saltokien ordutegi askatasuna "kaltedunekin" adostea proposatzen du
Eusko Jaurlaritzak "turismo handiko eremu" izendatu ditu Bilboko Abando-Indautxu-Garellano, Zazpikaleak eta Deustu, eta bertako dendek nahi dutenean irekitzeko aukera izango dute 2015eko udan.
Bestalde, orain Donostiako turismo handiko eremuak izendatu beharko ditu Jaurlaritzak; izan ere, Espainiako Gobernuak uztail hasieran agindu zuen Donostian ere ordutegi askatasuneko eremuak ezarri behar zirela.
Saltokien ordutegi askatasunaz galdetuta, eremuen izendapena "kaltedunekin" adostea proposatu du Donostiako alkateak. Donostian "turismo handiko eremu" guneak zein izango diren erabakitzeko negoziazioetan ari dira, eta Donostiako alkatearen arabera, "bide onetik doaz".
Izagirrek jakinarazi duenez, merkatariekin eta gune bakoitzeko bizilagunekin hitz egiten ari dira gaiaz eta helburua "erabakia merkatariekin eta bizilagunekin adostea da".