Gizartea -

Ama Guadalupekoa

Herriaren zatiketa nabarmendu da berriz ere Hondarribiko alardean

Plastiko beltzak jarri dituzte berriro, alarde mistoaren kontra.

Jaizkibel konpainia desfilatzen. Argazkia: Efe
Jaizkibel konpainia desfilatzen.
Alarde tradizionala, Hondarribiako kaleetan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondarribiko Jaizkibel konpainiak, emakumezkoak soldadu gisa ere parte har dezaketen konpainiak, plastiko beltz artean desfilatu behar izan du berriz ere Ama Guadalupekoaren ospakizunetako alardean.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak, Julia Hernandez Arartekoaren ondokoak eta Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarkide ohiak, besteak beste, babes osoa agertu diote konpainia mistoari, Kale Nagusian, plastiko beltz artean.

Jaizkibel 08:20 aldera atera da Gernikako Arbola pasealekutik, 400 partaide ingururekin, eta tradizionalak 09:00etan ekin dio bideari. Lehenengoak irain eta plastiko beltz artean egin du ibilbidea Kale Nagusian, alarde tradizionalaren aldekoek gogor egin baitute, berriro, alarde parekidearen kontra. Hala ere, mistoaren aldekoen txaloak ere entzun dituzte.

Garitano Jaizkibeli babesa ematera joan da Hondarribira, Emakundek eta Arartekoak egin duten moduan, eta Aitor Kerejeta (EAJ) alkatearen jarrera kritikatu du, Jaizkibeli harrera ez egiteagatik.

Garitanok alardearen "arazoa" behingoz buka dadila eskatu du, gipuzkoar guztiek "guztientzako" jaiekin gozatu ahal izan dezaten. Alarde mistoa Saindua ermitaraino joan da, eta han desegin eta Guadalupera igo dira.

Izaskun Laskurain Jaizkibel konpainiako kapitaina oso gustura agertu da parte-hartzaile kopuruarekin eta eman dieten babesarekin. Hala ere, "irainak" jaso dituela eta zangotraba egiten saiatu direla salatu du. Horren harira, horrelakoak ez gertatzeko "baliabiderik eta gogorik" ez dagoela gaitzetsi du.

Alarde tradizionalaren konpainiek ondoren egin dute desfilea, 5.000 gizonezkorekin eta 20 kantinerarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hondarribia albisteak Gizartea bideoak Hondarribiko alardea albisteak