Gizartea -
Immigrazioa
Urkullu: 'Euskadik ezin die laguntza ukatu behartsuenei'
Hitz horiekin, lehendakariak erantzuna eman die etorkinei buruz Gasteizko alkateak egindako adierazpenei, horren izena aipatu gabe.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak gizarte laguntzen kudeaketa hobetzea beharrezkoa dela aitortu du, baina "Euskadik ezin die laguntza ukatu behartsuenei", gaineratu du.
Gobernuburuak Herritarren Defendatzaileen Lana Koordinatzeko XXIX. Batzarraren inaugurazioan egin ditu adierazpen horiek, Gasteizen, eta, hitz horiekin, erantzuna eman dio Javier Maroto alkateari, horren izena aipatu ez badu ere. Izan ere, etorkin magrebtarrak laguntza horiez baliatzen direla esan zuen udal agintariak.
Atzo bertan, Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak ikerketa abiatu zuen, Gasteizko alkatearen adierazpenak delitu ote diren argitzeko.
Horren ildotik, lehentasunak "pertsonen duintasuna", "laguntza" eta "eskubide subjektiboak baliabideen arabera identifikatzea" direla esan du lehendakariak.
Urkulluk "itun sozial bat" adostea eskaini du, beharrezkoak diren zerbitzu guztiak ematea ezinezkoa dela aitortu baitu.
Nolanahi ere, Jaurlaritzaren "erabaki politikoa" zerbitzu publikoak "gizarte kohesioaren funtsezko elementuak" izatea dela nabarmendu du.