Gizartea -
Ebazpena
Osasunbidea zigortu egin dute ume bati erditzean lesioak eragiteagatik
260.979,30 euro ordaindu beharko dizkie erditzean "lesio larriak" izan zituen haur baten gurasoei.
Erredakzioa
Osasunbidea–Nafarroako Osasun Zerbitzuak 260.979,30 euro ordaindu beharko dizkie erditzean "lesio larriak" izan zituen haur baten gurasoei. Erditzean umearen sorbaldak baginatik ateratzeko arazoak izan zituzten, eta, epaileak ebatzi duenez, Osasunbideko langileek "gehiegi behartu" zuten umea.
Nafarroako Auzitegiak kaleratu duen ebazpenean jasotzen denez, ospitaleko beharginek erditzean aukeratutako "teknika ez zuten zuzen erabili", eta, ondorioz, "umeari burua gehiegi luzatu zioten, sorbaldak amaren pubisetik pasatu ezinda zituen bitartean".
Iruñeko Bideko Amaren Ospitalean jaio zen umea, 2010eko apirilaren 12an. 20 orduko erditzea izan zen. Haurra ateratzeko unean, epailearen arabera, sorbaldak ateratzerakoan arazoak izan zituzten, eta, horren aurrean, MC Roberts teknika erabiltzea erabaki zuten erditzean zeuden langileek. Maniobra horren ondorioz, "haurrari lepauztaia hautsi zioten eta eskuineko besoan paralisia eragin".
Gurasoek jarritako salaketan, osasun-langileen jardunean hiru urratze egon zirela jasotzen zen; zesarea bat garaiz ez egitea, erabilitako teknikaren berri gurasoei aurrez ez ematea eta okerreko erabakia hartzea.