Gizartea -

Gertaera

Baionan agertu den gorpuak Angeluko heriotzekin lotura izan lezake

Urkatuta agertu den gizona Angelun hil zuten emakumearen bikotekide ohia da, Samuel Vuelta Baionako fiskalak jakinarazi duenez.

Gizon baten gorpua aurkitu dute Baionan

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon baten heriotza ikertzen ari da Polizia. Larunbatean topatu zuten haren gorpua Baiona (Lapurdi) inguruko baso batean. Baionako fiskalak arratsaldean baieztatu zuenez, Larunbatean Angelun hilda agertu zen emakumearen bikotekide ohia da hildakoa.

Samuel Vuelta Baionako fiskalak prentsaurrekoa eman zuen igandean, eta Baionako eta Angeluko heriotzek zerikusia izan dezaketela eta emakumearen aurkako indarkeria izan litekeela adierazi zuen.

Bi hilotz Angelun

Larunbat goizean bi pertsona hilda agertu ziren Angelun: 80 urteko gizonezko bat eta gizonezkoaren biloba elbarria zaintzen zuen 38 urteko emakumea. Haindik ordu gutxitara, beste gizonezko bat urkatuta aurkitu zuten Baionako baso batean. Azken gizonezko hori Angeluko zaintzailearen bikotekide ohia da, Baionako fiskalaren arabera. Emakumeak salaketa jarrita zuen haren kontra, indarkeria matxistagatik.

Fiskalaren esanetan, ez dute oraindik aurkitu Angelun emakumea eta adineko gizona hiltzeko erabili zen labana, baina hipotesi nagusia da urkatuta agertu den gizonezkoak hil izana biak. Adineko gizonaren biloba ondoko gela batean aurkitu zuten, bizirik.

Fiskalak gaineratu zuenez, zaintzailearen kotxean ihes egin zuen ustezko hiltzaileak, eta kotxera sartzen ikusi zuen lekuko baten deskribapenarekin bat dator Baionan hilik agertu zen gizona.

Poliziak armaren bila jarraitzen du. Hildakoei asteazkenean egingo diete autopsia, Bordelen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Baiona