Gizartea -

''Erria Txikota!''

Jendetza bildu da Orion, Kilometroak Gipuzkoako ikastolen festan

Omenaldia egin diete Orioko ikastolako lehen ikasleen gurasoei eta giroa bikaina izan da, goizean eguraldiak lagundu ez arren. ''Aurreikuspen guztiak bete dira'', lehen balorazioaren arabera.

Erria Txikota! lemapean, Kilometroak Orion

10:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egun handia izan dute igande honetan Orion. "Erria Txikota!" lelopean, Kilometroak 2014 festa egin dute bertan, eta hainbat ekitaldi izan dituzte Gipuzkoako kostaldeko herrian: kontzertuak, umeentzako jolasak, ekitaldiak...

Goizeko lehen orduan, Josu Erguin Kilometroak jaiaren sortzaileak eta Antonio Campos Orioko Herri Ikastolako lehen zuzendariak eman diote jaiari hasiera txikota mutilotik askatuz.

Eguerdiko 12:00etan omenaldi hunkigarria egin diote Orioko Herri Ikastolako lehenengo ikasleen gurasoei, beraien "ausardia eta kemena" eskertuz.

Ekitaldian erakundeetako eta hezkuntza alorreko ordezkari ugari izan dira: Eusko Jaurlaritzaren izenean, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak lasaitasun mezua igorri die gurasoei, LOMCE legearen aurrean. Hizkuntza ereduen arloan lortutako adostasuna garrantzitsua izan dela esan du, baina argi utzi du Eusko Jaurlaritzak LOMCEren aurka egiten jarraituko duela legearen tresna guztiekin.

Giro bikaina izan da, goizean eguraldiak lagundu ez duen arren. Festa-giroa guneetara mugatzeaz haratago, Orioko Herri Ikastolak eskaintza ibiltaria indartu nahi izan du, jaia herri guztira zabalduz.

Lehen balorazioa

Antolatzaileek egin duten lehen balorazioaren arabera, ‘’aurreikuspen guztiak bete dira’’ aurtengo Kilometroak jaian, izan ere, Orio ‘’gainezka’’ egon da euri tantak gelditzearekin batera.

Ohar batan azpimarratu dutenez, Oriok erakutsi du, herri txikia izanik, ‘’jaia ondo antolatzeko gaitasuna’’ izan duela, ‘’bai erabakiak hartzeko eta baita azken uneko ezustekoei erantzuteko garaian ere’’.

‘’Eragile guztien artetik parte-hartze itzela izan da eta hori jarduera guztietan nabaritu da’’, gaineratu dute.

Eskaintza zabala

Euskal musika-taldeek txoko garrantzitsua izan dute egitarauan:

Ikastolako gunean, adibidez, Xabier Arostegi disko-jartzailea, Bi Bala eta Gozategi aritu dira. Bestalde, San Martin gunean, besteak beste, Skasti, Enkore eta Anje Duhalde igo dira agertokira, eta Arromendi kanpinean Perlak eta Etxepare Rapen musika entzun da.

Halaber, Aupistape gunean ere izan dute lekua musikariek. Tania de Sousaren abesti berrienek eta Esne Beltzaren doinu dantzagarriek arratsaldean dute hitzordua, ibilbideko laugarren gunean.

Bukatzeko, Triki Ta Ke, Willis Drummond eta Zea Mays gonbidatu dituzte Mendibeltzera.

Azken urteetan bezalaxe, edari alkoholdunen kontsumoa murriztearen aldeko apustua egin dute, eta, aurten, gainera, edalontziak etxetik eramateko deia egin du antolakuntzak. Gehientsuenek, ordea, ez dute jarraitu gomendioa. Garraio publikoa erabiltzeko deialdia ere egin dute Orioko Herri Ikastolako antolatzaileek.

Usurbilgo ikastolak hartu du orain lekukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kilometroak albisteak