Gizartea -
Sopuerta
La Baluga ikastetxeko auzia, Adingabeen Fiskaltzaren esku
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, La Baluga ikastetxean matrikulatutako umeen auzia Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Adingabeen Fiskaltzara eraman du Sopuertako La Baluga zentroan irregularki matrikulatuta umeen auzia.
Hezkuntza Sailak Zallako lehen hezkuntzako Mimetis ikastetxe publikoan ofizioz matrikulatu zituen umeak, baina gurasoak Zallara joateari uko egin eta La Baluga haur hezkuntzako zentrora eraman zituzten seme-alabak.
Hasiera batean borondatez jarduten zuten irakasleek ematen zizkieten klaseak, baina joan den ostegunaz geroztik, Hezkuntza Sailak debekatu egin die aipatu irakasleei ikastetxean sartzea.
Arantza Aurrekoetxea sailburuordeak gogora ekarri du ikasle horiek Zallara joan behar dutela, eta “gehiegikeriatzat” jo du kaltetutako bi umeren gurasoek eta Sopuertako Josean Llaguno alkateak gose-greba hasi izana.
Ildo horretan, Aurrekoetxeak azpimarratu du Hezkuntza Sailak bi proposamen egin dituela eta arazoa elkarrizketaren bidez konpontzeko prest dagoela.