Gizartea -

Ebola

Teresaren senarrak dimititzea eskatu dio Osasun kontseilariari

Erizain laguntzailea artatzen ari den medikuak esan du 27rako jakingo dela kutsatu gehiago ote dagoen, eta 20 egun geroago eman ahalko dute agerraldia amaitutzat.

Teresa Romeroren senarrak Osasun sailburuaren dimisioa eskatu du

2:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Rodriguez Artalejo Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Prebentzio Medikuntzan katedradunak, eta ebolaren inguruko Zientzialari Batzordeko kideak, adierazi du ez dagoela "aparteko albisterik" Teresa Romeroren inguruan, eta "oso larri" jarraitzen duela.

Era berean, ebola birusaren jarraipena egiteko batzorde bereziaren bileraren ostean azaldu duenez, Romerorekin harremanetan egon ziren pertsonen kasuan, oraindik ez dute sintomarik agertu. "Horrek esan nahi du Espainia osoan ebola birusa kutsa dezakeen pertsona bakarra ospitaleratuta dagoena dela", gaineratu du. Horren harira, "osasun publikoaren ikuspuntutik egoera oso lasaia" dela azpimarratu du.

Bestalde, Artalejok iragarri du birusarekin harremanetan egon daitezkeen langile publikoen trebakuntzarako egitasmo zabal bat jarriko dutela martxan.

Sendaketa

Erizain laguntzailea noiz sendatuko ote den galdetuta, adituak azpimarratu du "birusa bere gorputzean atzematen ez denean" izango dela.

Gainera, datozen orduak "kritikoak" izango direla aitortu du. "Datozen 24 eta 48 orduak kritikoak dira, oso larri jarraitzen duelako. Albiste onena da egunero gaixotasunaren kontra borrokan jarraitzen duela eta, horri esker, erantzun immunologiko eraginkorra garatuko duela, aurrera egin ahal izateko".

Ebolarekin kutsatu den pertsona bakarra izan ote den jakiteko, urriaren 27a izango omen da data garrantzitsua, "ordurako 21 egun igaroko baitira gaixoa ospitaleratu zutenetik".

Azken batean, "Teresarekin harremanetan egon ziren guztiek urriaren 27rako gaixotasuna garatu ez badute".

Hala ere, "agerraldia amaitutzat emateko beste 20 egun igaro beharko dira, Teresarekin harremanetan egon diren osasun langileek ere gaixotasuna harrapatu ez dutela egiaztatzen den arte".

Limonek Rodriguezen dimisioa eskatu du

Javier Limon ebolaz kutsatutako erizainaren senarrak Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu du. Bestalde, Teresa Romerok protokoloa bete zuela gogorarazi dio Limonek Rodriguezi.

Limonek idatzitako mezu bat irakurri du Teresa Mesak, bikotearen lagunak, Carlos III ospitalearen ateetan. Ebolaz kutsatutako gaixoak artatzeko erizainek soineko berezia nola jantzi behar duten azaltzeko eskatu dio Limonek kontseilariari.

"Zoritxarrez nire emazteak ez du masterrik egin; Teresak ordu erdi izan zuen ikasteko, eta lankide baten bidez ikasi du. Oporretan Joan ginela eta gaixorik ez zegoela esan zenuen. Ez laguna ez, ez zegoen gaixorik, bakarrik ebola zuen. Egin genuena ezin genuela egin inork ez zigun esan, besteak beste, protokoloak egiterik ez geneukala esaten ez zuelako", zehaztu du Limonek gutunenan.

Rajoyren agerraldia eskatu du Sanchezek

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Kongresuan agerraldia egitea eskatu du Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak. "Gertatutakoaren inguruan azalpenak eman" behar dituela uste du Sanchezek. Ebolaren krisiarekin "amaitzeko hartuko dituzten erabakien berri" emateko Rajoyk agerraldia egin behar duela esan du buruzagi sozialistak.

"Presidenteak agerraldia egiteko ordua heldu da", adierazi du Sanchezek PSOEko Zuzendaritzaren Batzorde Iraunkorra bildu eta gero.

Sanchezen hitzetan, Ana Mato Osasun ministroak datorren ostegunean egin beharreko agerraldia "gaizki eta berandu" heltzen da. Ministroak duela bi hilabete azalpenak behar izan zituen, eta ez zuen egin, eta orain "nahiz eta kargutik ez kendu, krisiaren kudeaketatik at geratu da", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea