Gizartea -
Gazteen lokalak
Arartekoak lonjen gaineko segurtasun kontrol eskasia salatu du
Lokal horien % 25 bakarrik daude izena emanda dagokien udalean, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak ohartarazi duenez.
Erredakzioa
Gazteen lokalen edo lonjen gaineko segurtasun eta ingurumen kontrola "urria" da, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak gaur salatu duenez. Izan ere, lokal horien laurdena bakarrik dago dagokion udalean izena emanda.
Elena Ayarza Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendariak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean gazteen lokalak arautzeko mekanismoen berri emateko.
Ayarzarekin batera, haren bulegoko hainbat kidek parte hartu dute agerraldian. Bertan, "Gazteen lonjak eta lokalak EAEn" izeneko txostena, eta, dokumentu horren harira, Arartekoak apirilean egindako proposamena hizpide izan du.
Txostenaren arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 20 aisialdirako gune horietako erabiltzaileak dira, hots, EAEko 62.000 gaztek erabiltzen dituzte normalean gisa horretako lokalak.
Kexak eta gomendioak
Arartekoaren bulegoak berri eman duenez, gazteen lokalen ugaritzeak bizilagunen kexen handitzea eragin du. Dena den, kasuen % 70ean ez dago elkarbizitza arazo handirik. Arazo gehienak zaratari, zikintasunari eta segurtasunari loturikoak dira.
Bizilagunek egindako kexa horietako askotan, lege eskakizunak betetzeko udalen esku-hartze falta salatzen da. Administrazioa urbanismoari eta ingurumenari dagozkien kontrol eta diziplina eskumenak gauzatzera behartuta dagoela berretsi du Bulegoak. Aitzitik, kasu gehienetan Administrazioak jarduera horren aurretiazko kontrolik ez du egiten, txostenaren arabera.
Bestalde, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak gazteen lokalak ikuskatzeko planak egiteko eta gune horiek udal ordenantzaren bitartez arautzeko gomendatzen die udalei. Halaber, arauak betetzen diren ala ez egiaztatzeko jarraipena egitea ere aholkatu die.