Gizartea -

Ebola

Romero egonkor dago, baina dagoeneko likidoak hartzen ditu

Epaitegietan Ana Mato Osasun ministroaren eta Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariaren aurka egiteko asmoa du erizainaren senarrak, bikotearen bozeramaileak iragarri duenez.

Teresa Romero ebolaz kutsatutako gaixoak Carlos III.a ospitalean jarraitzen du.Artxiboko irudia: EFE
Teresa Romero ebolaz kutsatutako gaixoak Carlos III.a ospitalean jarraitzen du.Artxiboko irudia: EFE
Teresa Romero hobetuz doa, likidoak hartzen hasi da

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Romero ebolaz kutsatutako erizainak larri jarraitzen du, baina egonkor dago. Dagoeneko ohetik altxatzen da eta likidoak hartzen ditu, Romeroren senitarteko batek azaldu duenez. Erizaina “oso animatuta” dagoela erantsi du.

“Momentuz dena primeran doa”, azaldu du Romeroren lehengusinak. “Honaino heldu izana garaipen bat da jadanik”, gaineratu du, “egunik zailenak dagoeneko igaro dituelako”.

Hala eta guztiz ere, “egoera larria da oraindik” eta garaipenik ezin dute ziurtatu, “gaixotasun gaiztoa da eta berriro okerrera egin dezake”, azpimarratu du senideak.

Senarrarekin elkarrizketa

Bestalde, Javier Limon senarrarekin hamar minutuko elkarrizketa telefonikoa izan du Teresak goizean, Maria Teresa Mesa bikotearen bozeramaileak Carlos III ospitaleko ateetan jakitera eman duenez.

Teresak berak senarrarekin hitz egitea eskatu zuen atzo. Limonek emozionaturik hartu du bere emaztearekin hitz egiteko aukera.

Antza denez, ebola kutsatu bat berriz artatuko ote lukeen galdetu dio Limonek Teresari. Erizainak hurrengoa erantzun dio senarrari: “Noski baietz, orain are gehiago, birusaren aurkako antigorputzak garatu ditut eta. Ez da ezer gertatzen”.

Excalibur zakurraren inguruan galdetu dio erizainak senarrari. Animalia urriaren 8an hil zuten kutsatzeko arriskuak saihesteko. Ez kezkatzeko esan dio Limonek Romerori, hau da, zakurra hil dutela ez dio aditzera eman.

Mato eta Rodriguez auzitara eramateko aukera

Epaitegietan Ana Mato Osasun ministroaren eta Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariaren aurka egiteko asmoa du erizainaren senarrak, bikotearen bozeramaileak iragarri duenez.

Osasun kontseilariak barkamena eskatu zion gutun baten bidez, baina Limonek ez du onartu. Senarraren hitzetan, barkamena “askoz lehenago” eskatu behar izan zuen.

Dimisioa izango da onartuko dion gauza bakarra”, nabarmendu du bozeramaileak. Demandaren nondik norakoak zehazteko abokatuarekin biltzea espero du Limonek.

"Itxaropentsu"

Ebolaz kutsatutako erizain laguntzailea egonkor dago, larritasunaren barruan, Ana Mato Espainiako Osasun ministroak gaur jakinarazi duenez. Gainera, medikuen iritziz, badago itxaropentsu egoteko arrazoirik.

"Teresa Romero da lehentasuna, hura lehenbailehen osatzea. Medikuek itxaropen zantzuak antzeman dituzte", hala erantzun dio Osasun ministroak PSOEk Diputatuen Kongresuan egindako galdera bati.

Carlos III ospitalean zaintzapean jarraitzen duten 15 pertsonaren osasun egoera ere hizpide hartuta, guztiek sintomarik gabe jarraitzen dutela adierazi du.

Orain lehentasunak Teresa Romeroren bizia salbatzea eta lehen sintomak agertu zirenetik berarekin kontaktuan egon ziren pertsona horiek babestea dira, Osasun ministroaren arabera.

Hiru eguneko tartean, eta ikerketa amaitu aurretik, osasun langileak babesteko protokoloa indartu dutela nabarmendu du Ana Matok. "Izan ere, Espainian zerbaitek eragin du ebola zuen gaixo batekin kontaktua izan duen langile bat kutsatzea", gaineratu du.

Halaber, Ana Mato Osasun ministroak nabarmendu du Espainia izan dela osasun langileak babesteko protokoloa indartzeko erabakia hartu duen lehen herrialdea. Espainiaren ondotik, AEBko Gobernuak ere protokoloa indartu du, eta litekeena da Europar Batasuneko herrialdeek neurri bertsuak hartzea.

"Baliteke guztia ondo ez egitea”

Ebolaren krisia kudeatzeko garaian “baliteke guztia ondo ez egin izana”, lehen aldiz onartu du Osasun ministroak. “Seguru asko hobetzeko gauza ugari” daudela erantsi du.

Hala ere, Gobernuak “zero minututik” egoera kontrolatzeko eta kutsatze berriak saihesteko lan egin duela defendatu du Matok. “Seguruenik guztia ez dugu ongi egin eta ziur asko hobetzeko gauza ugari egotea”, onartu du Matok Kongresuko Osasun Batzordean.

Horrela, ministroaren kudeaketa txartzat jo dute oposizioko taldeek eta hanka-sartzerik onartu ez duela aurpegiratu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea