Gizartea -
Herritarren Segurtasun Legea
Manifestazio-eskubidea zorrozteko legea, Kongresuan eztabaidagai
Oposizioak legea bertan behera uztea eskatuko du, horren helburua protestak eta mugimendu sozialak isilaraztea dela iritzita.
Erredakzioa
Oposizioko alderdi guztiek (PSOE, IU-ICV-CHA, UPyD, CiU, Amaiur, EAJ, BNG eta Geroa Bai) Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa bertan behera uztea eskatuko diote gaur Espainiako Gobernuari Diputatuen Kongresuan.
Alderdiok krisi ekonomikoaren ondorioz sortutako protestak eta mugimendu sozialak isilarazi nahi izatea egotzi diote Jorge Fernandez Barne ministroari.
Ministroen Kontseiluak uztailaren 11n onartu zuen lege-proiektua, kontsultarako organoen aholkuak erantsi eta gero.
Lege honekin, Poliziak isunak jarri ahalko ditu "manifestazio baten ordena urratzeagatik".
Halaber, Kongresuaren, Senatuaren edo batzar legegileen aurrean elkarretaratzeak egitea arau-hauste arina izango da aldez aurretik komunikatuta ez badaude, eta larriak, "herritarren segurtasuna urratzen bada".
Beste puntu polemiko bat: edozein "susmagarri" polizia-etxera eraman ahal izango dute, eta bertan sei orduz atxiki.