Politika -

Segurtasunerako legea

Poliziak susmagarriak sei orduz atxikitzeko ahalmena izango du

Gainera, Kongresuaren, Senatuaren edo Batzar legegileen aurrean egiten diren elkarretaratzeak arau-hauste arinak izango dira, antolatzaileek aldez aurretik jakitera ematen ez badituzte.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE
Espainiako Gobernuak argi berdea eman dio segurtasunaren legeari

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delituren batean parte hartu duten herritar susmagarriak polizia-etxera eramango dituzte identifikatzeko, eta sei orduz atxiki ahal izango ditu Poliziak, Herritarren Segurtasunerako lege-proiektuaren arabera. Egitasmoa Ministroen Kontseiluak onartu du gaur, eta Diputatuen Kongresuari igorri dio.

Exekutiboak onartutako testua aurkeztu du gaur Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Iaz, azaroan, aurkeztutako lehen aurreproiektuarekin alderatuta aldaketa ugari jaso ditu bigarrenak. Hainbat aholkularik eta erakunde sozialek gomendioak egin dituzte eta testua "aberastu" dute, ministroaren hitzetan.

Lege-proiektuak 1992ko 'Corcuera Legea' ordezkatuko du. Fernandez Diazen ahotan, arauak "bermeak errespetatzen ditu" eta Konstituzioan "erabateko ahokadura" du.

Zigorrak hiru mailatan bereizten ditu: arinak (100-600 euroko isunak), larriak (601-30.000 euro) eta oso larriak (30.001-600.000 euro); azken biak hiru gradutan banatzen direlarik: minimoa, ertaina eta maximoa.

Manifestazioak

Lege-proiektuaren arlorik polemikoena manifestazioena da. Gaur eguneko araudia aldatzen ez duela defendatu du ministroak. "Indarkeria, erasoak eta bortxa zigortu nahi ditu bakarrik", argudiatu du Fernandez Diazek.

Bestalde, Kongresuaren, Senatuaren edo Batzar legegileen aurrean egiten diren elkarretaratzeak arau-hauste arinak izango dira, antolatzaileek aldez aurretik jakitera ematen ez badituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea