Gizartea -
Gertaera
Pertsona bat hil da Barakaldon izan den sutean
Garretatik ihesi, leihotik behera erori da. Horrez gainera, zazpi bizilagun erietxera eraman behar izan dituzte.
eitb.eus
Pertsona bat hil da eta zazpi lagun zauritu dira Barakaldoko Lutxana auzoko Errotabarri kalean izan den sutean, Segurtasun Sailak Euskadi Irratiari jakitera eman dionez. Zaurituak erietxera eraman dituzte, baina ez omen daude egoera larrian.
Goizaldeko ordu biak eta hamarrean izan da ezbeharra. Ordu horretan piztu da sua Errotabarri kaleko etxean. Eraikineko bizilagun guztiak, 30, etxetik atera dituzte. 23 bizilagun senideen etxeetara joan dira, eta gainerakoek Barakaldoko hotel eta pentsioetan igaro dute gaua. Dena den, bizilagun gehienak euren etxeetara itzuli dira larunbat arratsaldean.
Alfonso Garcia alkatearen esanetan, 34 urteko gizon bat, garretatik ihes egin nahian, leihotik behera erori da sutea piztu den etxebizitzan.
Zauritutako zazpi lagunak Gurutzetako erietxera eta San Eloyra eraman dituzte, baina euren egoera ez da larria. Hiru ertzain ere artatu behar izan dituzte kea arnastuta, baina dagoeneko senda-agiria jaso dute.
Sua zerk eragin duen ikertzen ari dira suhiltzaileak.
Sutea piztu eta gutxira bertaratu da alkatea, eta etxebizitzako bizilagunekin hitz egiteko aukera izan du. Horietako batzuk shock egoeran zeuden, auzokidea leihotik behera jausten ikusi dutelako.
Arratsaldean, etxetik irtenarazi dituzten bizilagun gehienak euren etxeetara itzuli dira, Udaleko arkitektoak eraikina aztertu eta egituran kalterik izan ez duela baieztatu eta gero. Hala ere, erretako etxebizitzaren goiko eta beheko etxebizitzetan bizi direnek larunbat gaua ere etxetik kanpo igaro beharko dute.
Gainera, zenbait lagunek elkarretaratze bat egin dute gaur, sutean hil den auzokideari elkartasuna adierazteko.