Gizartea -

Ebola

Romeroren senarrak 'akatsak' eta 'kontrol politiko falta' salatu ditu

Javier Limon eta bere emaztea, ebolarekin kutsatutako erizain laguntzailea, Osasun kontseilariaren kontra salaketa jarri ala ez aztertzen ari dira, eta horren dimisioa eskatu dute.

Javier Limon, Teresa Romero ebolarekin kutsatutako erizain laguntzailearen senarra. Argazkia: Efe
Javier Limon, Teresa Romero ebolarekin kutsatutako erizain laguntzailearen senarra.
Javier Limon: 'Erantzukizunak eskatzeko unea da'

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Limonek, Teresa Romero ebolarekin kutsatutako erizain laguntzailearen senarrak, salatu du bere kasua "akatsez eta kontrol politiko faltaz" josia dagoela. Limonek gogor salatu du Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariaren jarrera, eta ez du haren barkamena onartu, Excalibur txakurra "hiltzeagatik" eta bere emaztearekin "ia" gauza bera egiteagatik.

Limonek prentsaurrekoa eman du Madrilgo Carlos III.a ospitaletik senda-agiria jasota atera eta ordu gutxira. Gaur goizean irten da ospitaletik, segurtasun protokoloek ezarritako isolamendu epea igarota.

"Orain ardurak exijitzeko eta denon irudia garbitzeko unea da. Teresa inoiz ez da izan erruduna", berretsi du kazetariz betetako areto batean.

Rodriguez Osasun kontseilariari dagokionez, bere dimisioa eskatu du, eta auzitegietara jotzea aztertzen ari dira txakurra hil ziotelako.

"Eskerrak eman nahi dizkiet babesa eman diguten guztiei. Osasun langileei, heroi ezezagunei. Eskerrik asko profesionaltasunagatik eta bizitza arriskuan jartzeagatik. Zilegi da Osasun zerbitzua pertsonez osatua dagoela esatea. Espainiako Osasun zerbitzua onenetakoa da", gaineratu du.

Hori horrela, bere emaztea "inoiz ez" dela "erruduna" izan azpimarratu du, eskularruekin aurpegia ukitu izanari erreferentzia eginez, eta lepora dakioken bakarra "lanarekiko maitasuna" dela esan du.

"Boluntario izan zen, eta inork ez zuen egiaztatu gaizki atera zela. Horrek ia heriotza eragin zion. Javier Rodriguezetaz ari naiz, Teresak esan ez zituenak jarri zituelako bere ahoan, jantzia janzten ez zekiela, adibidez", azaldu du Limonek.

Bestalde, bere txakurraren "exekuzioa" izan du hizpide. "Sekula izan ez dugun semea zen. Oroitzen ditut bere urrats urduriak, bere beroa nire magalean, beharrezkoak ziren bere laztanak. Kendu diguten guztiarekin oroitzen naiz, nik eta nire emazteak berriro sentituko ez dugulako. Inori ez zitzaion axola seme-alabarik gabeko familia batean animaliak zuen garrantzia. Exekutatu egin zuten, beharrezkoa ez zela esateko aukerarik gabe", adierazi du Limonek.

Hori horrela, "arinegi jokatu" zela kritikatu du, kutsatuta ote zegoen aztertu gabe exekutatu zutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola gaitza