Gizartea -
SGAEko txartela erabiliz
SGAEko txartelarekin 40.000 euro xahutzeagatik epaituko dute
Pedro Farre SGAEko zuzendari ohiak 39.522 euro ordaindu zituen prostituzio lokaletan 2008ko azarotik 2009ko maiatzera bitartean. Lanagatik egindako ordezkaritza gastuak direla argudiatu du Farrek.
Erredakzioa
Prostituzio lokaletan SGAEren kreditu-txartela erabiliz 40.000 euro gastatu zituen erakunde horretako zuzendari ohi bat epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean.
Pedro Farre SGAEko zuzendari ohiak 39.522 euro ordaindu zituen prostituzio lokaletan 2008ko azarotik 2009ko maiatzera arte, SGAEren urrezko VISA txartela erabilita.
Gaur hasiko da Teddy Bautista presidente ohiaren laguntzaile izan zenaren aurkako epaiketa. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak 4 urte eta hamar hilabeteko espetxe-zigorra eskatuko du Farrerentzat, dokumentuak faltsutu eta bidegabeko jabetzearen delituengatik.
Farrerekin batera, Ricardo Azcoaga SGAEko gastuen arduraduna ere eseriko da akusatuen aulkian. Farreren delituak estaltzea egotzi dio Fiskaltzak, eta bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatuko du horrentzat.
Laneko ordezkaritza gastuak
Txartelarekin egindako gastuak lanpostuaren erantzukizunari egotzi dizkio Farrek epaiketan. Lanagatik egindako ordezkaritza gastuak direla argudiatu du auzipetuak.
SGAEn 2002tik 2009ra arte lan egin zuela azaldu du Pedro Farrek. Lehenbizi, pirateriaren aurkako borrokaren arduraduna izan zen erakundean, eta ondoren, Harreman Korporatiboen zuzendaria izan da. Horrela, lanean pertsona askorekin gosaldu, bazkaldu eta afaldu behar izan zuela erantsi du Farrek. Erosahalmen handiko pertsonak ziren zenbaitetan, eta erakundearen izenean gonbidatu egiten zituen, Farreren esanetan.
Gastuak gauean egitea normala zela gaineratu du auzipetuak; izan ere, zinemako, musikako eta kulturako munduarekin lotutako pertsonekin biltzen zen. “Gaua egunaren parte da” horientzat, azpimarratu duenez. “Espainiako aktore ezagunenarekin eta Oscar bat irabazi duen musikari ospetsu” batekin bildu zela adibidetzat jarri du Farrek. Txartela etekina ateratzeko sekula erabili ez zuela erantsi du.
Laneko bilerak egiteko aukeratutako lokal guztiak legezkoak zirela zehaztu du Farrek. Are gehiago, batzuk SGAEren bezeroak zirela ziurtatu du, “nahiz eta gaitzespen morala merezi”.
Bestalde, gau-klubetan egindako gastuak zirenik sekula pentsatu ez zuela ziurtatu du Ricardo Azcoagak. Gauean egindako gastuak zirela ohartu zenean, Eduardo Bautista SGAEko presidentea jakinaren gainean jarri zuela azaldu du. “Zenbait gasturen gautartasunagatik kezkatu nintzen”, adierazi du.