Gizartea -
Ebola
Carlos III.eko erizainak baztertzen ari direla salatu dute
Ebola zuten gaixoekin lan egin duten erizainek azaldu dutenez, "gurasoek ere ez dute nahi haien etxera joatea".
Erredakzioa
Maximo Gonzalez Jurado Erizaintzako Kontseilu Nagusiko presidenteak salatu duenez, ebola zuten gaixoekin lan egin duten Carlos III.a Ospitaleko erizainak baztertzen ari dira orain haien lankideak eta senideak.
Horixe adierazi du Gonzalez Juradok "Erizaintza ebolaren aurrean" izeneko Munduko Goi-bileraren ondorioen aurkezpenean.
Erizain askoren testigantzak "latzak" zirela adierazi du, "haien gurasoek ere ez zuten nahi etxera joatea", eta lankideek ere baztertu egiten omen zituzten aldageletan.
Bazterketa hori ez omen da bakana, orokorra baizik, ebolarekin lan egin duten erizainen adierazpenak kontuan izanda. "Denek pairatu dute bazterketa" lankideekin eta familia barruan, gaineratu du.
"Ikaragarria da estigmatizazioa", salatu du erizainen buruak. Informazio falta eta ezjakintasuna omen dira egoera horren errudunak, eta hori aldatzeko "denbora" pasa beharko dela esan du Gonzalez Juradok.