Gizartea -
Gasteiz
Zerbitzariaren hilketagatik atxilotutako gizonaren etxea miatu dute
Gizona asteartean atxilotu zuen Ertzaintzak, 42 urteko bikotekide ohia hiltzea leporatuta. Guardiako epaitegiak sumario-sekretua ezarri du.
Erredakzioa
Asteartean atxilotutako gizonaren etxea miatu du Ertzaintzak gaur. 42 urteko biktima dominikarra atxilotuaren bikotekide ohia zen eta zerbitzari bezala Gasteizko taberna batean lan egiten zuen.
Auziko ikerketaren xehetasun gehiagorik ez du eman Segurtasun Sailak; izan ere, guardiako epaitegiak sumario-sekretua ezarri du.
45 urteko atxilotua biktimaren bikotekide ohia da eta krimenaren susmagarri nagusia da. Hilketa iragan ostiralean gertatu zen. Laguntza eske emakumearen oihuak entzun zituzten biktimaren auzokideek Gasteizko Guayaquil kalean.
Hala ere, emakumearen gorpua astelehenean topatu zuten. Biktimaren lagun batek Ertzaintzari abisua eman zion, emakumea lanera joan ez zelako eta ez zuelako aurkitzen.
Indarkeria zantzuak
Ertzaintzak gorpua aurkitu zuen. Gorpuak indarkeria zantzuak zituen. Frogak bildu eta asteartean biktimaren bikotekide ohia atxilotu zuten ertzainek, hilketa egotzita.
Emakumeen aurkako indarkeria kasu bat edo drogen kontu garbiketa bat izan daitekeela uste du Ertzaintak; izan ere, hildakoak drogekin lotutako zenbait aurrekari zituen, azkena iragan astean, Poliziak estupefazienteak atzeman zituen tabernan, Beato Tomas de Zumarraga kalean.
Atxiloturik mantentzeko 72 orduko epea agortu dezake Ertzaintzak, krimena argitzeko helburuarekin.