Gizartea -
Nafarroa Oinez
'Hamabortz, ama bat' lelopean, 2015eko Nafarroa Oinez, Baztanen
Bigarrenez antolatuko du Baztango Ikastolak jaia. Euskara garatzeko programari eutsi eta azpiegiturak hobetzeko erabiliko dute bertan bilduko duten dirua.
Erredazkioa
'Hamabortz, ama bat' lelopean, Baztanen izango da 2015eko Nafarroa Oinez, gaur Ikastolen Elkarteak Nafarroako jaia aurkezteko Iruñean egindako prentsaurrekoan iragarri dutenez.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradunek prentsaurrekoan esan dutenez, hamabosta (hamabortz, baztaneraz) zenbaki berezia da, eta horregatik aukeratu dute 2015eko lelorako. Izan ere, Baztanen 15 herri biltzen dira, eta Nafarroan 15 ikastola daude. 'Ama', baina, bakarra dago: euskara.
Baztango Ikastolak bigarrenez antolatuko du jaia. Oraingo honetan, euskara garatzeko programari eutsi eta ikastolako azpiegiturak hobetu nahi dituzte. Besteak beste, aterpe berria egin eta jantokia handitzeko beharra dute, eta horretara bideratuko dute 2015eko Nafarroako ikastolen jaian bilduko duten dirua.