Gizartea -
2014an, behin baino gehiagotan
Puxika arraina atzeman dute Kantauri itsasoko uretan
Giltzurrunetako gaitza eragin dezakeen arrain toxikoa da, baina ez da alarmarik piztu, ez baitute ez lonjetan ez arrandegietan aurkitu.
Iker Gonzalez | eitb.eus
Puxika arraina (L. sceleratus eta Fugu niphoboles) bat baino gehiago atzeman dute aurten Kantauri itsasoko uretan, Azti Tecnaliak baieztatu duenez.
2006. urte inguruan atzeman zuten lehenengoz arrain toxikoa euskal uretan, marearen eta uren joan-etorrien arabera agertzen delako, baina 2014an ohi baino gehiagotan harrapatu dute.
Arrain toxikoa da, hesteetan arazoak sortzeko gai dena, eta gehiegi janez gero, giltzurrunetako gaitza eragin dezake.
Berez ez da alarmarik piztu, ez baitute ez lonjetan ez arrandegietan ikusi, baina arreta berezia jartzea eskatu dute.
Muskuiluak eta txibiak jaten ditu, eta Ozeano Atlantikoan Eskozian, Irlandan eta Azoreetan ikus daiteke. Afrikako kostaldean, Marokon hasi eta Hegoafrikaraino harrapatzen dute, baina Mediterraneoan, Indiako ozeanoan eta Ozeano Barean ere harrapatzen duten espeziea da.