Gizartea -
Ebola
Romerok 300.000 euro eskatuko dizkio Madrilgo Osasun kontseilariari
Bere izen onaren kontra jotzeagatik, 150.000 euroko kalte-ordaina eskatuko dio Romerok kontseilariari. Horrez gain, 150.000 euro erreklamatuko ditu, Excalibur txakurra hiltzea erabakitzeagatik.
Erredakzioa
Teresa Romero ebola gainditu berri duen erizaintzako laguntzaileak auzitara eramango du Madrilgo Osasun kontseilaria bere "ohore eskubidea" urratzea egotzita.
Batetik, 150.000 euroko kalte-ordaina eskatuko diote Romerok eta bere senarrak Javier Rodriguez kontseilariari, bikotearen abokatuak azaldu duenez. Salaketaren arabera, kontseilariak Teresa Romeroren "izen onaren kontra jo zuen", erizaintzako laguntzaileak medikuei gezurra esan ziela adierazita.
Zibiletik salaketa jarri aurretik, kontziliazioaren bidetik auzia konpontzeko ahalegina egiteko asmoa dute Romero-Limon bikotearen abokatuek.
Horrez gain, bikoteak beste 150.000 euro eskatuko ditu Excalibur txakurra hiltzeagatik. Abokatuek adierazi zutenez, inoiz izan ez duten semetzat hartzen zuten txakurra.
Eta salaketa partikular gisa ere arituko dira, osasun alorreko sindikatuek langileen segurtasuna urratu ote den jakiteko jarri dituzten auzietan.