Gizartea -
Bost atxilotu
Lapurtutako auto batekin istripua izan dute, Barakaldon
Lapurtutako ibilgailu baten barruan zihoazen bost pertsonak atxilotu dituzte, A-8an istripua izan ondoren. Gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi diote.
Erredakzioa
Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu bart, lapurtutako auto batekin istripua izan ondoren. Gidariak positibo eman du alkoholemia proban, eta, hortaz, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi diote.
Ohar batean jakitera eman dutenez, gertaera goizaldean gertatu da, 04:00ak aldera, A-8an, Barakaldon, Kantabriako noranzkoan.
Ordu horretan, Renault 19 batek istripua izan du, errepidetik atera da, eta segurtasun-hesiaren aurka talka egin du. Polizia bertaratu denean, zauriturik ez zegoela baieztatu ostean, ibilgailu barruan zihoazen bost pertsonak, bi gizonezko eta hiru emakumezko, mozkor zeudela ikusi dute agenteek.
Ibilgailua asteartean lapurtu zuten, Erandion. Horrenbestez, Ertzaintzak bostak atxilotu ditu, lapurtutako ibilgailu bat erabiltzea egotzita, eta gidariari (25 urteko gizonezko bat) bide-segurtasunaren aurkako delitua ere leporatu diote, mozkor gidatzeagatik.