Gizartea -

Okondon, Araban

Bi zaldi hilik eta 40 zaindu gabe topatu dituzte zalditegi batean

APA SOS Bilbaoren arabera, zalditegiko arduradunak aurreko astean Gordexolan hilik topatutako zazpi zaldien jabeak omen dira; Diputazioak diziplinazko espedientea zabaldu zien.

Zaldien egoeraren irudia. Iturria: APA SOS Bilbao
Zaldien egoeraren irudia. Iturria: APA SOS Bilbao
Zaldien egoeraren irudia. Iturria: APA SOS Bilbao

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Bilbao Animaliak Babesteko Elkarteak salaketa jarri du Okondoko (Araba) klub hipiko baten arduradunen kontra, animaliei tratu txarrak emateagatik, bi zaldi hilik eta abandonatuta, eta beste 40 zaindu barik topatu eta gero.

Elkartearen arabera, zalditegiko arduradunak aurreko astean Gordexolan hilik topatutako zazpi zaldien (beste hamar desnutrizio egoeran zeuden) jabeak omen dira; Diputazioak diziplinazko espedientea zabaldu zien.

Ohar baten bidez zabaldu dutenez, elkarteak salaketa jarri du Ertzaintzaren Laudioko polizia-etxean, eta salatutako zentroan “ikuskaritza berehala” egiteko, instalazioak badaezpadako neurrian ixteko eta animaliak ahalik eta arinen artatzeko eskatu dute.

Zehatz-mehatz, salaketa Cobar klub hipikoaren kontrakoa da, eta animalienganako usteko utzikeriaren argazkiak ere atxiki dituzte agiriekin batera.

Sonia Brena APA SOS Bilbao elkartearen presidentearen esanetan, zentro horretan 40 bat zaldi daude “desnutrizio egoeran eta oinarrizko arretarik izan gabe”; hortaz, “haien osasuna eta bizitza arrisku larrian daude”.

Brenak azaldu duenez, instalazioak “oso hondatuta” daude eta, gainera, bertan “zauritutako behor bat dago, aldakan lesio handiak dituela”, eta “hanketako bat puztuta” duenez, ezin da mugitu.

Elkarteak, halaber, zaldiak hartzeko instalazio egokiak dituzten albaitariei, partikularrei eta zentroei dei egin die, Diputazioak hala onartuz gero, zaldiak oraingo zalditegitik ateratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak bideoak Animaliak albisteak Aiarako kuadrilla