Gizartea -
Drogak
Marihuana plantazio bat desegin dute Irungo industria pabiloi batean
Ertzaintzak guztira 245 marihuana-landare atzeman ditu, eta 46 urteko gizonezko bat atxilotu du droga-trafikoa leporatuta.
Erredakzioa
Ertzaintzak marihuana-plantazio bat desegin du Irungo industria-pabiloi batean, eta 46 urteko gizonezko bat atxilotu du droga-trafikoa leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Astelehenean, iluntzeko zortziak aldera, ertzainak Irungo Anaka auzoko industria-pabiloi batera joan ziren, marihuana-usaina baitzegoen. Barruan argia zegoela ikusita, atea jo zuten eta ondoren atxilotu zuten gizonezkoak ireki zien atea.
Ertzaintzak 245 marihuana-landare eta horiek hazteko materiala atzeman zituen.
Landareen hazkundea bizkortzeko, 16 lanpara, 11 haizagailu eta aire egokituko 4 aparatu ere aurkitu zituzten.
Lokala miatu ostean, 46 urteko gizonezko hori atxilotu zuten agenteek, eta atzo bertan eraman zuten epailearen aurrera.