Gizartea -

Europako Parlamentua

Mukwege: 'Bortxaketak gerrarako arma bilakatu dira’

Kongoko ginekologo eta emakumeen aldeko aktibistak Sakharov saria jaso du Europako Parlamentuan.

Denis Mukwege. Argazkia: Europako Parlamentua (@Belga)
Denis Mukwege.
Sakharov saria jaso du gaur Denis Mukwege Kongoko ginekologoak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Mukwege Kongoko ginekologoak gaur jaso du Europako Parlamentuak giza eskubideen aldeko borrokan aritzen direnak omentzeko ematen duen Sakharov saria. Mukwegek Europako Ganberaren aurrean egindako agerraldian salatu duenez, "emakumeen gorputza gudu-zelai bilakatu da eta bortxaketak, gerrarako arma".

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearen eskutik jaso du saria Mukwegek. Parlamentuko kideek txalo artean hartu dute Mukwege, Kongoko aktibistak "milaka emakume eta haurren gorputzak eta arimak sendatzeko" egindako lana aitortuz.

"Eskerrik asko sariagatik, Kongoko emakumeen eta umeen duintasuna eta ausardia aitortzeagatik", esan du Mukwegek hemizikloan egindako hitzaldian.

Eskerrak emateaz gain, Europar Batasunari laguntza eskatu dio mediku afrikarrak, Kongok "bakea eta demokrazia" ezartzen lagun dezan.

"Duintasuna aldarrikatzeko bidean lagun bazaituztegu bakarrik izango du garrantzia sari honek indarkeriaren biktima diren emakumeentzat”, erantsi du.

Mukwegek bortxaketen biktimak artatzen dituen Panzi ospitalea sortu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea