Gizartea -

Lan gatazka

Osakidetzako lanuzteen pare-hartzea igo egin dela diote sindikatuek

Osasun zerbitzuaren esanetan, baina, txikia izaten ari da. 08:00etatik 22:00etara dago deituta greba.

Araban egindako protesta. Argazkia: Efe
Araban egindako protesta.
Grebaren eragina % 8 ingurukoa dela adierazi du Osakidetzak

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek, gaurko, Bizkaiko osasun zentro publiko guztietan deitutako greba lehen mailako arreta zerbitzuan eragina izaten ari da, sindikatuen arabera. Osasun Zerbitzuaren esanetan, baina, parte-hartzea "txikia" izaten ari da, % 8,4koa.

LABeko iturriek berri eman dutenez, Bizkaiko ospitaleetako langileek lanuztearekin bat egin dute; baina, batez ere lehen mailako arreta zerbitzuko langileak atera dira kalera.

Bizkaiko Osakidetzako langile gehiagok bat egin dute lanuztearekin, duela bi aste, Araban; eta duela astebete Gipuzkoan baino; LABen arabera. Dena den, sindikatuek ez dute grebaren jarraipenari buruzko daturik emateko asmorik; horien esanetan, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izanik "ezinezkoa" baita deialdiaren benetako intzidentzia jasotzea.

Parte-hartzean izandako igoera hori astelehenean Osakidetzako mahai sektorialaren bilera akordiorik gabe amaitu izanari egotzi diote sindikatuek; izan ere, batzar horretan ez zen alde bien arteko hurbilketarik izan.

Lan Eskaintza Publikoko plaza kopuruaren inguruan Osakidetzako Zuzendaritzarekin adostasunik lortu ez zutela eta, deitutako mobilizazioei eustea erabaki zuten sindikatuek.

SATSE, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO eta UGT sindikatuek "benetan beharrezkoa den" lan eskaintza publikoa egiteko eskatu diote Osakidetzari, iragarri den 187 plazakoa babesteko inolako asmorik ez dutelako.

Era berean, langileak ordezkatzea exijitu dute, "langileak ez ordezkatzeak ondorio larriak eragiten dituelako lan kargan eta zerbitzuaren kalitatean".

Goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte iraungo du grebak lurraldeko osasun zentro publiko guztietan.

Osakidetzan egiten duten laugarren greba eguna da gaurkoa, aurreko azaroaren 6ean EAE osoan, 13an Araban eta 20an Gipuzkoan egin ostean.

Akordiorik ezean, gainera, abenduaren 4ean egun osoko greba egingo dute Osakidetzaren zentro guztietan.

Osakidetzak elkarrizketa eskaini du

Bestalde, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Jose Maria Armentia Giza Baliabideen zuzendariak azaldu dutenez, parte-hartzea “txikia”, % 8,1ekoa izan da goizeko txandan. Bestalde, "elkarrizketa" eskaini die sindikatuei, gatazka konpontzeko.

Horien esanetan, goizeko txandan ez da istilurik jazo.

Hain zuzen ere, goizez lan egin behar zuten 9.288 langileetatik, 756k egin dutela bat lanuzteekin esan dute.

Kategorien arabera, medikuen % 3k egin dute greba, erizainen % 8,1ek eta gainerako profesionalen % 14,1ek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Bizkaiko albisteak Grebak gaur