Gizartea -

Indarkeria futbolean

Gobernua eta Polizia ez datoz bat Madrilgo istiluak azaltzerako orduan

Barne Ministroak gaur berretsi du Poliziak ez zuela igandeko hitzorduaren berri, nahiz eta Poliziak atzo kontrakoa esan EFE agentziari.

21 atxilotuak aske geratu dira, karguekin. (Argazkia: EFE)
21 atxilotuak aske geratu dira, karguekin. (Argazkia: EFE)
Ultrei aurre egiteko neurriak aurkeztuko dituzte bihar

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez datoz bat Barne Ministerioa eta Espainiako Polizia Madrilen igandean izandako istiluak azaltzerako orduan. Atletico eta Coruñako Deportivo taldeetako zaleen arteko liskarretan galiziarren jarraitzaile bat hil zen eta hainbat lagun zauritu ziren.

Barne Ministroak gaur berretsi du Poliziak ez zuela igandeko hitzorduaren berri, nahiz eta Poliziak atzo kontrakoa esan EFE agentziari.

Fernandezen hitzetan, ez dago bi taldeetako zaleen arteko hitzorduaz informazioa zutenik frogatzeko “dokumentu ofizialik”.

“Egia da komunikaziorako protokoloak porrot egin zuela, baina, batez ere, indarkeria erabiltzen duten pertsonak izatea da oker dagoena”, gaineratu du.

Ministerioaren xede nagusia Francisco Javier Romero Taboada ‘Jimmy’ Deportivoren zalearen heriotzaren erantzuleak identifikatzea izango da, Fernandez Diazen esanetan.

Horrez gain, Barne Ministerioak “zerrenda beltzak” sortuko ditu, “erradikalak identifikatzeko”. Pertsona horiei ez diete futbol-zelaietan sartzen utziko, aurreratu duenez.

Bestalde,  Madrilgo 34. zenbakiko instrukzio-epaitegiko epaileak aske utzi ditu igandean Atleticoren eta Deportivoren zale erradikalen artean izandako borrokaren harira atxilotutako 21 pertsonak, baina karguak egotzi dizkie.

Horren ondorioz, 21 pertsona horiek epaitegira joan beharko dute bi astean behin, Madrilgo Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Atxilotuek epailearen aurrean deklaratu dute, eta ukatu egin dute elkarrekin borrokatzeko hitzordua adostu zutela.

Fiskaltzak 9 pertsona kartzelatzea eta Vicente Calderon estadioan sartzeko debekua ezartzea eskatu zuen, baina epaileak baztertu egin ditu neurriok.

Aske geratu diren atxilotutakoen artean ez daude Francisco Javier Romero Taboada, Jimmy, Deportivoko zalearen hiltzaileak. Espainiako Poliziak borrokaren irudiak aztertzen jarraitzen du, hilketaren egileak identifikatu eta atzemateko.

Frente Atletico, Calderon estadiotik kanpo

Bestalde, Atletico Madrilek Frente Atletico talde erradikala betiko kanporatu du Vicente Calderon estadiotik, borroka jendetsuan parte hartzeagatik.

Deportivok, bere aldetik, bi partidarako itxiko du Riazor Blues taldearen harmaila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola argazkiak