Gizartea -
Iruzurra
Correoseko abisu faltsu baten iruzurraz ohartarazi du Ertzaintzak
Mezu elektronikoa irekitakoan, nahi gabe, troiar bat deskargatuko du erabiltzaileak. Horren aurrean, Ertzaintzak mezua ez irekitzea eta zuzenean ezabatzea aholkatzen du.
Erredakzioa
Ertzaintzak ordenagailua kaltetzen duen Correoseko abisu faltsu baten iruzurraz ohartarazi du. Egiazko mezua delakoan, erabiltzaileak abisua ireki eta, nahi gabe, troiar bat jaisten du bere ordenagailura. Ondorioz, ordenagailuko informazio guztia enkriptatzen duen programa bat abian jartzen da eta gero, erabiltzaileari erreskate bat eskatzen zaio informazioa berreskuratzearen truke.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, mezu elektronikoak "modu masiboan" zabaltzen ari dira erakundeen, enpresen eta partikularren artean.
Mezu elektronikoek Correosetik datozela dirudite, eta mezuan pakete bat jaso behar duela jakinarazten zaio hartzaileari.
Abisuak egiazkoa dela dirudi, izan ere, iruzurgileek Correosen logotipoak eta kolore korporatiboak erabili dituzte mezua egiteko. Mezuan, ustezko paketeari buruzko informazioa jaisteko esteka bat gehitzen da (erabilitako domeinua correos24.net da).
Esteka horrek, ordea, erabiltzailea beste orrialde batera eramaten du eta bertan captcha betetzea eskatzen zaio (pantailan agertzen diren karaktereak).
Captcha bete eta intro emandakoan, erabiltzaileak troiar bat jaisten du bere ordenagailura eta ordenagailuko informazioa enkriptatzen duen programa bat abiarazten da. Aipaturiko programa horrek informazioa "bahitzen" du eta datuak ez erabiltzeko moduan uzten ditu. Ondoren, erabiltzaileak enkriptatutako mezua berreskuratzeko erreskate eskaera jasotzen du.
Horren aurrean, Ertzaintzak mezua ez irekitzea eta zuzenean ezabatzea aholkatzen du.