Gizartea -
Brasil
9 urtean 37 emakume hil dituela aitortu du 26 urteko gizonezko batek
Horrez gain, beste lau hilketa egin dituela esan du; tartean, bi urteko ume batena.
Erredakzioa
Brasilgo gizon gazte batek Poliziari aitortu dionez, azken bederatzi urte hauetan 37 emakume, hiru gizonezko eta bi urteko ume bat hil ditu. Rio de Janeirotik gertu dagoen Nova Iguaçu hirian emakume bat labankadaka hiltzea egotzita atxilotu eta gero aitortu ditu krimen horiek, Poliziaren arabera.
Sailson Jose das Graças izena du ustezko hiltzaileak eta 26 urte ditu. Bederatzi urtean 41 hilketa egin dituela aitortu du, tartean ume batena; "negar ez egiteko eta auzokideak ez ohartarazteko" hil zuela esan du.
Auziaren ardura izan duten poliziek Globo telebista kateari jakinarazi diotenez, atxilotuak emandako xehetasunak ikusita, sinesgarria da horrek esandakoa. "Hilketa izan zen lekuan egon zenak bakarrik eman ditzakeen xehetasunak eman dizkigu", azaldu du Pedro Henrique Medina poliziaburuak.
Dena dela, ustezko hiltzaileak emandako datuak azken urteetan Rio de Janeiro inguruetan izandako hilketetan bildutakoekin alderatu behar dituzte.
"Biktima aukeratu eta begira egoten nintzaion, aztertzen. Hilabete itxaroten nuen, zenbaitetan astebete, lekuaren arabera. Non bizi zen, familia zelakoa zen eta kaletik ibiltzen ote zen ikertzen nuen. Etxea ere aztertzen nuen. Goizaldean, iluntasuna lagun, sartzen nintzen etxeetara", kontatu du gizonak polizia-etxean.
Agenteei esan dienez, lehen krimena 17 urterekin egin zuen, eta horrek "adrenalina igoera" eragin ziolako jarraitu zuen jendea hiltzen.
Atxilotuaren hitzetan, ez dago damututa, eta kartzelatik inoiz ateratzen bada, "gauza bera" egiten jarraituko du, gustuko duelako.