Gizartea -
Marihuana
Estatuak kalamu kluben ordenantzaren kontra jotzea salatu du Donostiak
PPk berak ere helegitea kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, neurriak "izaera urbanistikoa" duelako.
Erredakzioa
Donostiako Udalak Espainiako Estatuari ohartarazi dio kalamu kluben ordenantzaren kontra jotzea "pertsonen eskubide zibilen kontra jotzea eta errealitatea ukatzea" dela.
Jon Albizu Ongizate zinegotziak prentsaurreko batean azaldu duenez, ordenantza aho batez onartu zuen Udalak, eta "aitzindaria" da.
Gainera, "norbaitek eskubide zibilen errekonozimendurantz pauso bat ematen duen bakoitzean" Espainiako Gobernuak horren kontra jotzen duela salatu du.
PPk berak ere helegitea kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, neurriak "izaera urbanistikoa" duelako.
Ramon Gomez zinegotzi popularrak azpimarratu du ordenantzak ez duela osasun alorreko helbururik, ez duelako kontsumoarekin zerikusirik, hori Jaurlaritzaren eskumena baita.
Zinegotziak argi adierazi nahi izan du PP oso murriztailea izan zela ordenantzari sartutako zuzenketetan, klubak ez zitezen eskoletatik gertu egon, edo horietara sartzeko baimena bazkideek bakarrik izatea, eta autokontsumorako soilik.
Horregatik, eta "araudi urbanistikoa zuzena" delako, PPk horixe helarazi dio Espainiako Osasun Ministerioari.