Gizartea -
Elikagaiei buruzko informazioa
Elikagaien etiketen gaineko Europako araudi berria, indarrean
Berritasunetako bat da eraldatutako elikagaietan nutrizio-informazioa gehitzeko obligazioa.
Erredakzioa
Elikagai-informazioari buruzko Europako araudi berria gaur sartu da indarrean eta kontsumitzaileak jasotzen duen produktuen gaineko informazioan hainbat aldaketa ekarriko ditu; berritasunen artean dago, esaterako, eraldatutako elikagaietan nutrizio-informazioa gehitzeko obligazioa.
Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (Aecosan) azaldu duenez, elikagaien etiketetan, 100 gramoko edo 100 mililitroko, elikagai horren balio energetikoa, gantzak, gantz aseak, karbohidratoak, azukreak, proteinak eta gatzak azaldu beharko dira. Gainera, ekoizleak hala nahi badu, horien proportzioa ere jarri ahal izango du. Bestalde, informazio hori jartzetik libre egongo dira % 1,2ko alkohol kantitatea baino gehiago duten edari alkoholdunak eta ontziratu gabeko elikagaiak.
Araudi berriarekin, janari-etiketek irakurterrazagoak izan beharko dute. Etiketetako letraren gutxieneko tamaina 1,2 milimetrokoa izango da; ontziaren azalera 80 zentimetro kubiko baino txikiagoa bada, gutxieneko tamaina 0,9 milimetrokoa izango da; eta azalera 25 zentimetro kubiko baino txikiagoa bada, ez da beharrezkoa izango. Horrez gain, etiketan jatorrizko herrialdea eta alergenoentzako informazioa agertu beharko da.
Etiketatu berri hori ez da derrigorrezkoa izango 2016ko abenduaren 16ra arte. Espainiako Supermerkatu Kateen Elkarteak (Aces) adierazi duenez, araudi berriak ez du eraginik izango fruitu eta barazki freskoetan, bai, ordea, haragi eta arrainetan. Haragien kasuan, derrigorrez jarri beharreko informazioa haragi motaren araberakoa izango da eta arrainen kasuan, berriz, beharrezkoa izango da arraina arrantzatutako ingurua, arrantzatzeko erabilitako modua eta akuikultura den ala ez zehaztea.
Denbora tarte batean, etiketa zaharrak eta berriak egongo dira; izan ere, araudi berriak gaurtik aurrera merkaturatuko produktuei soilik eragiten die.