Gizartea -

Zarautz

Urtetako zabortegia behin betiko itxi du Gipuzkoak

"Zabortegi kutsakor gabeko lurraldea izateko pausu garrantzitsua" eman du Gipuzkoak, Martin Garitano ahaldun nagusiaren esanetan.

Garitano: 'Gipuzkoarrok ondo ari gara hondakinen kudeaketan'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarauzko Urtetako zabortegia behin betiko itxi dute gaur Gipuzkoan. Azkeneko zabor-kamioia 11:15ean sartu da eta, ondoren, ateak itxi ditu, sinbolikoki, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Garitanorekin batera, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatua, Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea, Amaia Guruzeta Urola Kosta Mankomunitateko presidentea eta Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea izan dira ekitaldian.

Ahaldun nagusiaren hitzetan, gaurko itxierarekin "zabortegi kutsakor gabeko lurraldea izateko pausu garrantzitsua" eman du Gipuzkoak.

Agindutakoa bete duela nabarmendu du Garitanok eta Gipuzkoako birziklatze-tasa "duela bost urte geneukanaren bikoitza" dela azpimarratu du.

2020rako, erabat zigilatuta

Behin ateak itxita, lursaila errekuperatzeko lanei ekingo diete datozen asteetan. 2015ean, zabortegiaren gelaxkak zigilatuko dituzte, batzuk behin betiko, eta beste batzuk, behin-behinean. Azken gelaxka hauek egonkortzen direnean, 2020an, guztiz zigilatuko dituzte. Ondoren, lur begetalez estaliko dute eremu guztia, belarra atera dadin.

Gipuzkoan dauden beste bi zabortegiak 2015ean eta 2016an itxiko dituzte. Azpeitiko Lapatx 2015eko udazkenean zarratuko dute, eta Beasaingo Sasietakoa, 2016 amaieran. Hori horrela, bi urte barru, "Gipuzkoak ez du zabortegi kutsakorrik izango", azpimarratu du Garitanok.

Urtetako zabortegia 1988an zabaldu zuten. Hasiera batean, eskualdeko hondakinak jasotzen zituen bakarrik, baina 2007tik, San Markos mankomunitatekoak ere jaso izan ditu. Hemendik aurrera, Lapatxekora eramango dituzte hondakinok.

 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Zarautz bideoak Ingurumena albisteak