Gizartea -

Operazioa

Gipuzkoan jarduten zuen banku-lapurren banda bat desegin dute

Bost banku-sukurtsalen lapurretan daude inplikatuta. Operazio honekin, Ertzaintzak argitutzat eman ditu aurten Gipuzkoan gertatu diren zortzi lapurretatik zazpi.

Ertzaintzak zabaldutako argazkia, operazioaren ostean.
Ertzaintzak zabaldutako argazkia, operazioaren ostean.
Hainbat banketxetan lapurretan egin duen banda bat desegin dute

0:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 47 eta 52 urte bitarteko lau banku-lapurren banda bat desartikulatu du azkeneko hilabeteetan. Gipuzkoan bost bankutan lapurreta egin izana egotzi diete, eta 45.000 euro eraman izana. Atxiloketetatik bi abuztuan izan ziren, beste bat irailean eta azkenekoa aste honetan. Operazio honekin, Ertzaintzak argitutzat eman ditu aurten Gipuzkoan gertatu diren zortzi lapurretatik zazpi.

Haietako bi presoak ziren, eta, antza denez, eguneko baimenak baliatzen zituzten lapurretak egiteko. Operazioan bi arma labur, auto bat eta 11.000 euro eskudirutan atzeman dituzte.

Kasu hau Gipuzkoako Ikerketa Kriminalen Zerbitzuko ertzainek eraman dute. Atxilotuak ustez bost banku-sukurtsalen lapurretan inplikatuta daude: 2014ko maiatzetik abuztura bitartean izan ziren Usurbilen, Donostian, Pasaian, Orion eta Villabonan, eta 45.000 euro inguru harrapatu zituzten. Orioko kasuan, ezin izan zuten lapurreta amaitu.

Suzko armak eta latexezko maskarak

Kasu guztietan, lapurrek suzko armak erakusten zituzten langileak eta bezeroak izutzeko, eta latexezko maskarak ipintzen zituzten beren nortasuna ezkutatzeko.

Abuztuan hasi ziren banda desintegratzen: 48 eta 47 urteko bi gizon atxilotu zituzten Donostian eta Irunen. Ondoren, irailean, Gasteizen hirugarren lapur bat atxilotu zuten, 52 urtekoa. Astelehenean amaitu zuten operazioa, hilaren 22an. Colindresen (Kantabria) 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten.

Guardia Zibilaren Polizia Judizialeko Unitate Organikoko agenteek modu aktiboan jardun dute Ertzaintzarekin lankidetzan laugarren atxiloketa honetan eta ikerketaren azkeneko fasean.

Indarkeria erabilita egindako lapurretak eta armak legez kanpo edukitzea

Guztiei indarkeria erabilita egindako ustezko lapurretak egin izana eta armak legez kanpo edukitzea egozten zaie. Atxilotuetako bik Kantabriako El Dueso espetxetik egunez irteten zirenean egin zituzten lapurretak (eguneko baimenak zituzten: egunez irten eta gauean bueltatzen ziren lotara espetxera).

Atxiloketa hauekin, Ertzaintzak atrakoetan erabilitako objektuak atzeman ditu: bi arma labur, balen kontrako txalekoa, latexezko bost maskara eta nitrilozko eskularruak, bi transmisore-hargailurekin osatutako bi komunikazio-ekipo, lapurretetan erabilitako jantziak eta osagarriak, turismo ibilgailu bat eta 11.000 euro eskudirutan.

Epailearen esku utzi ostean, lehen hiru atxilotuak espetxera eraman zituzten. Azkeneko atxilotua aske utzi zuten, epaitegian hamabostean behin aurkeztekotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak Albisteak Gipuzkoa Delituak argazkiak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Lapurretak albisteak