Gizartea -
Trafikoa
Araba eta Gipuzkoako hainbat errepide moztuta geratu dira, euriagatik
Gipuzkoan, Arrasateko eta Alegiako errepide batzuetan izan dira arazoak. Araban, berriz, Kuartangon.
Erredakzioa
Larunbat arratsaldetik botatako prezipitazio handiek arazo arinak utzi dituzte Arabako eta Gipuzkoako zenbait errepidetan, eta horietako batzuk moztuta geratu dira.
Gipuzkoan jazo dira bi gertaera nabarmen, nahiz eta garrantzi txikikoak izan. Bertan busti du gehien: Behobian 60 litro bildu dituzte, eta Oiartzunen 43, Ertzaintza eta Euskalmeten arabera. Arazoak errepideetan zuhaitz batek eta lur-jausi batek eragin dituzte. Alegia eta Amezketaren arteko bigarren mailako errepidean zuhaitz bat jausi da, eta errepidea itxi behar izan dute; lur-jausiak Arrasateko saihesbideari eragin dio. GI-636 errepidea itxi egin dute bi norabideetan, Irunen, 15,3 eta 15,7 kilometroen artean, ur-putzuak tarteko.
Bestalde, Araban urak gainezka egin du zenbait tokitan eta hainbat bide moztu ditu: A-3310 errepidea, Erriberagoitia eta Mimbredo artea; eta A-4356 errepidean, Kuartangon. Gauean, ibairen batek, Baiak Zuiako parean kasu (Araban), alerta maila horia harrapatu du.
Luizia
Bestalde, luizia izan da Donostiako Intxaurrondo auzoan eta kalte material handiak izan dira; zehazki, mendi-hegal bat Ametzagaina hotelaren gainera erori da eta teilatua eta fatxada kaltetu dira. Hala ere, ez da inor zauritu.
Igande honetan ere euria egingo du, baina gutxiago (12 bat litro, Bidasoaren arroan), eta arratsaldean atertzera joko du.
Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak arretaz gidatzea aholkatzen du.