Gizartea -

Zirkulazioa

9 mendatetan kontuz ibiltzeko gomendioa eman dute, izotza dela eta

Urduñakoa itxita dute kamioiek. Goizean eta gauean errepideetan izotza egon daitekeela eta, abisu horia ezarri du Euskalmetek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errepidean izotza eta elurra izan daitekeela eta, Arabako bigarren mailako zazpi mendatetan eta Bizkaiko bitan kontuz ibiltzeko gomendioa eman du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.

Sailaren arabera, Urduñako mendatea itxita dute kamioiek eta artikulatutako ibilgailuek; autoentzat zabalik dago errepidea, baina kontuz gidatu behar dute.

Honako hauek dira Araban izotz eta elurra izan dezaketen mendateak: Azazeta, Kurtzeta, Herrera, Opakua, Bernedo, Gasteizko mendatea eta Zaldiaran. Bizkaian, Sanpelayo-Arenen eta Herreran eskatu dute arreta.

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak larrialdi plana jarri zuten atzo martxan, 600-700 metrotan elurra egin zezakeela eta. Aldundiak Neguko Bidezaintza Programa indarrean mantentzea erabaki du gaur, elurra kentzeko zazpi makina eta 19 behargin lanean jarrita.

Gasteizko Udalak, ordea, aurre-larrialdi plana bertan behera utzi du, elurrik egin ez duelako.

 

Izotza dela eta, abisu horia

EAEko barnealdean eta Gipuzkoako kostaldean goizean eta gauean izotza egon daitekeela eta, abisu horia ezarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Abisua 00:00etatik 10:00etara eta 18:00etik 24:00etara egongo da indarrean, gaur, bihar eta etzi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Eguraldia