Gizartea -
Andeetan hildako mendizalea
Fernando Osaren gorpua Fiambalara iritsi da
Osaren sendiak ez daki noiz aberriratuko duten gorpua, baina oraindik hainbat izapide egiteke daudenez, prozesu guztia 'egun batzuetan' atzeratuko dela uste dute.
Erredakzioa
Fernando Osa Andeetan hildako mendizale euskaldunaren gorpua Fiambalara heldu da, Ojos del Salado sumenditik gertu dagoen Argentinako herrira, Felipe Uriarte mendizale euskaldunak Euskadi Irratiari berri eman dionez. Aipaturiko mendizalea gertutik jarraitzen ari da erreskatea.
Argentinako larrialdi zerbitzuek espedizioa bidali zuten ostiralean Fernando Osa mendizalearen gorpua menditik jaisteko.
Osa bi egunez isolatuta egon zen Ojos del Saladon, ondoezik sentitu ostean.
Fernando Osa ostegunean hil zen Andeetan, bi egunez isolatuta egon ostean, eta Paco Vicario mendizale bizkaitarraren konpainian.
Azken horrek, ordea, beheranzko bideari ekin zion Osa zendu zen unean.
Sendiak ez daki noiz aberriratuko duten gorpua
Haren anaia den Jon Osak azaldu duenez, gorpua menditik jaitsi dute, baina ez dakite noiz aberriratuko duten gorpua; izan ere, hainbat izapide egiteke daude oraindik eta prozesu guztia 'egun batzuetan' atzeratuko da.
Jon Osak, familiaren izenean, eskerrak eman dizkie erreskatean parte hartu duten guztiei eta, bereziki, haren anaiaren alboan egon diren mendizaleei eta Paco Vicario mendizaleari; azken hori 6.500 metroan Osaren alboan egon zen hura hil zen arte, bigarren mendizale bat laguntza bila jaitsi zen bitartean.
Erreskate taldeak hildako mendizalearen gorpua menditik jaisteko arazo handiak izan ditu, Jon Osaren arabera. Azkenean, gaur lortu dute helburua "izugarrizko ahalegina egin ondoren; izan ere, atsedenik gabe lanean aritu dira eta atseden hartzera gelditu behar izan dute, nahitaez, jota zeudelako". "Bi egun daramatzate lanean. Gaur azken ahalegina egin eta gorpua jaistea lortu dute. Espero dut arazorik eduki ez izana eta, gureaz gain, beste istripurik ez izana", adierazi du Jon Osak. Azkenik, bi egun lorik egin gabe eta muturreko egoeran lanean diharduten lana goraipatu eta aitortu du.