Gizartea -

Andeetako mendilerroa

Lauro Gutierrez: ‘Fernando Osa erreskatatu ahal izan genuen’

Erreskate taldeetako kide batek salatu du berandu jaso zutela abisua eta bazegoela mendizalea salbatzerik. Saavedra Catamarcako Defentsa Zibileko zuzendariak esan du girora moldatu behar zutela.

Abisua beranduegi iritsi zitzaiela diote erreskate taldeko kideek

1:24

Iker Gonzalez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lauro Gutierrez Fernando Osa hildako mendizalea erreskatatzeko taldeetako baten kideak salatu duenez, mendizalea salbatu ahal izan zuten, denbora gehiago izan balute.

Bart egindako elkarrizketa batean Gutierrezek azaldu duenaren arabera, “lurralde honetan horren moduko erreskateak egiten dituztenek bizkor ibili eta talde egokia osatu behar dute, pertsona hori bizirik egingo baitzen, igandean, astelehenean edo asteartean abisua jaso izan bagenu. Guk zazpi ordu behar izan genituen hara heltzeko, hainbat ibilgailuren bidez (abenduaren 31an jaso zuten abisua, 16:00etan)”.

Gainera, azaldu du erreskatea egiteko gaitasuna dutela, ez dutela denborarik behar girora moldatzeko, “itsas mailatik 3.300 metrora bizi gara eta uste dut edonolako erreskatea egiteko gaitasuna dugula, deitzen digutenean”.

Gutierrezen esanetan, “16:00etan jaso genuen abisua, eraman beharrekoa prestatu eta 20:30ean abiatu ginen. 04:00etan Belenera (Catamarca) heldu eta 05:00etan mendilerrorako bideari ekin genion, baina, bertan, mendizalea hil zela jakin genuen”.

“Horren moduko lana egiteko pertsona aproposak aukeratu izan balituzte, kutsu politikoari eta probintzian erakundeen artean dauden arazoei erreparatu gabe, pertsona hori onik egongo litzateke”, salatu du.

“Arduragabekeriengatik denbora galdu zen, kide egokiak ez izateagatik, beharreko ezagutzarekin”, deitoratu du Gutierrezek.

Denbora behar izan zuten, Saavedraren arabera

Alfredo Vicente Saavedra Catamarcako Defentsa Zibileko zuzendariak azaldu duenez, profesionalik aproposenek osatu zuten erreskate taldea, baina “denboralea dela eta ezinezkoa izan zen asteazkenera arte heltzea”.

Haize zakarra zebilen, harea ere bai, eta helikopteroak ezin izan zuen erreskatea burutu, lurretik abiatutako taldea ere ezin izan zen heldu. Fernandoren egoera okertzen hasi zen eta ezin izan zen erreskatatzeko garaiz heldu”, Saavedraren arabera.

Halaber, Defentsa Zibileko zuzendariaren azalpenen arabera, “altuerara egokituta zegoen azken taldeak bi egun behar izan ditu haraino heltzeko”. Gainera, esan duenez, “girora moldatzeko ezintasunak zaildu zuen erreskatea”.

“Gorpua menditik ateratzeko bi egun behar izan dira, guztira bost egun eman ditugu eta kontuan hartu behar da haiek (mendizaleek) 14 egun izan dituztela girora moldatzeko eta heldu diren puntura heltzeko”, azaldu du Saavedrak.

Denbora galdu zuten, dio Uriartek

Gutierrezen adierazpenen ildotik, Felipe Uriarte mendizaleak Euskadi Irratiari esan dionez, “48 bat ordu, gutxienez egun bat, galdu zen. Hori horrela da. Ez dugu garbi ikusi denda ikusi zutenik, ez eta nolako saiakera izan zen.

Halaber, “ez zegoen garbi noraino iritsi ziren, atera zirenik… gezur txikiren bat ere antzeman genien”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea