Gizartea -
Ezbeharra
Ehiztari nafar bat hil da tiroz, Huescan
Antza denez, berarekin batera ehizan ari zen pertsona batek eman dio tiroa. Biktima Arruazu udalerriko auzokidea zen.
Erredakzioa
Ehiztari nafar bat hil da larunbat honetan Javierrelatre mendilerroan (Huesca), Guardia Zibilak EiTBri baieztatu dionez.
Gizonezkoa ehiza larriko uxaldi batean parte hartzen ari zen, gutxienez, beste bi pertsonarekin batera. Antza denez, beste ehiztari baten tiroa jaso du, eta tokian bertan hil da.
Ezbeharra La Sierra izeneko zonalde batean jazo da. Guardia Zibileko iturriek jakitera eman dutenez, A.G.A. dira biktimaren izenaren inizialak, eta Arruazu udalerriko auzokidea zen.
Erreskatean, Guardia Zibilaren Mendiko Unitateak eta helikoptero batek parte hartu dute. Ezbeharra gune malkartsu eta zail batean gertatu da eta, azkenean, helikopteroz eraman dute gorpua, lehenik, Jacako Mendi Eskolara; eta, gero, Jacako Institutu Anatomikora.
Polizia Judizialak ikerketa ireki du gertaturikoa argitzeko.