Gizartea -
Hilketa Santurtzin
Gizon batek pisukidea hil du Santurtzin
Antza denez, ustezko hiltzailea biktimaren eta bikotekidearen arteko liskarra baretzen saiatu da. Elkarrekin bizi ziren hirurak.
Erredakzioa
Santurtzin (Bizkaia), gizon batek beste bat hil omen du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ertzaintzak atxilotu egin du ustezko hiltzailea, Ramon y Cajal kaleko etxean bertan. Antza denez, batek (43 urte) sastada bat eman dio besteari (40 urte), ustezko erasotzailea biktimaren eta bikotekidearen arteko liskarra baretzen saiatu denean. Elkarrekin bizi ziren hirurak.
Biktimaren gorpua Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman dute, autopsia egin diezaioten. Atxilotua, aldiz, polizia-etxera eraman dute, epailearen aurrera eraman aurretik egin beharreko izapideak bideratzera.
Emakumea haurdun dago, eta ospitalera eraman behar izan dute, shock egoeran.
Udalaren gaitzespena
Santurtziko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gertaera aho batez gaitzetsi du.
Horrez gain, osteguneko osoko bilkura minutu bateko isilunearekin hastea ere adostu dute taldeek.
Adostutako dokumentuan, Udalaren “samina” adierazi dute Santurtziko taldeek.